Bihar hasiko da Azkena Rock jaialdia

Patti Smith, The Offspring, Afghan Whigs, Social Distortion, Emmylou Harris, Suzi Quatro, Fu Manchu, Drive-by Truckers, eta Jerry Cantrel izango dira jaialdian, besteak beste.

Azkena Rock jaialdiaren hogeigarren edizioa bihar abiatuko da eta musikaz beteko du hiria larunbatera arte. Bi urteko etenaldiaren ostean, ohiko formatuan eta tokian izango da festibala.

Bihar arratsaldeko 18:00etan irekiko dira ateak eta honako hauek joko dute Mendizabalan, besteak beste: Kaliforniako punk-rockaren beteranoak diren The Offspring; Fu Manchu mitikoen gitarra astunak; The Toy Dolls; Espainiako Estatuan ezaguna den Morgan; countryaren ahots berri eta txalotua, Morgan Wade; eta Los Tonys taldeko Micky, baina Los Colosos del Ritmo taldearekin batera abiarazi duen proiektu berrian.  

Ostiralean, berriz, bakarlari eta talde hauek igoko dira oholtzara: 40 urtetik gorako ibilbidea ospatzen ari diren Social Distortion; Greg Dulli buru duen The Afghan Whigs; Drive-By Truckers; Alice In Chains taldeko sortzaile eta lider Jerry Cantrell, bakarkako proiektuarekin; eta Ilegales. Soziedad Alkoholika talde gasteiztarra ere arituko da. 

Larunbat gauean rockean aritzen diren hiru emakume izango dira: Emmylou Harris countryaren izarra; Suzi Quatro edo rockean arraila ireki zuen emakumea, eta gure aparteko amabitxi eta punkaren ikono eztabaidaezin den Patti Smith.

Beste artista ugari ere izango dira jaialdian, hala nola Joseba Irazoki eta Lagunak, Adia Victoria, Dirty Honey, Ryley Walker, Teenage Werewolves, La Perra Blanco, eta Tiburona. 

Bestetik, ekintza bereziak ere prestatu dituzte. Motoen, akrobazien eta zuzeneko musikaren Wall of Death ikuskizuna izango da ikusgai, eta autotxokeak ere izango dira, "ekintza rock n`rollaren erritmoan bizi nahi dutenentzat".

Ostiral eta larunbat goizean doako kontzertuak ere izango dira Andre Maria Zuriaren plazan. Alexis Evans soul kantaria eta Kim Lenz, rockabillyaren munduan aritzen dena, izango dira protagonistak.

Izarren pasealekua
Azkena Rock Festivalek Izarren pasealekua sortu du, "bi hamarkadetan jaialdiaren historia egin duten eta nazioarteko eta Espainiako Estatuko rockaren historian ezinbesteko bihurtu diren banda nagusiei omenaldia egiteko". 75 izarrez osatutako pasealekua da, Posta kalean barrena doana Foru plazatik Andre Maria Zuriaren plaza kuttunera. 

Bob Dylan, Patti Smith, Kiss, Iggy & The Stooges, Alice Cooper, Ozzy Osbourne, Sex Pistols, Joan Jett, Deep Purple eta Blondie musikarien izarrak daude bertan. Bestelako artistek ere badute lekua, esaterako, Chris Isaak, Slash, Pearl Jam, Queens of the Stone Age Loquillo, Soziedad Alkoholika, Los Enemigos eta Morgan. 

Izar bakoitzak duen QR kodearen bitartez, artista horietako bakoitzari buruz orain arte ezagutarazi ez den bitxikeriaren bat edo jaialdian egon zireneko pasadizoren baten berri izango du bertaratzen denak. Igande gaueko hamabiak arte bisitatu ahal izango da.