Bideojokoak euskaraz? Jokoteknia!
Euskarazko Bideojokoen II. Jardunaldia egingo da urriaren 12an, Bilbon.
Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia kolektiboak Jokoteknia Euskarazko Bideojokoen II. Jardunaldia egingo dute, urriaren 12an, Bilboko Azkuna Zentroan, iazko lehen edizioak izandako harrera onaren ondotik. Eusko Jaurlaritzaren, CodeSyntax enpresaren, Bilboko Digipen Institutuaren eta Harrobia Lanbide Ikastolaren laguntza izango dute.
Jardunaldiaren xedea da bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egitea, eta hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi eta elkar ezagutzea. Gainera kanpotik etorritako gonbidatu bereziak ere izango dira, jardunaldiari beste ikuspegi bat emateko asmoz.
Louis Schnellbach bideojokoen garatzaile eta euskara ikasle frantsesaren hitzaldia nabarmendu dute; hain zuzen, Ghost Recon Wildlands, Assassin's Creed Odyssey eta Dual Universe jokoen garapenean parte hartu du Louisek.
Goiz oso bateko jardunaldia izango da, tartean atsedenaldi batekin. 30 minutuko 6 hitzaldi eta bertako ikasleekin osatutako mahai inguru bat.
Bertaratzeko izena ematea derrigorrezkoa ez bada izango ere, lehentasuna aurrez izena emandakoek izango dute. Horretarako oraingoz 60 lagunentzako Bilboko Azkuna Zentroko Bastida aretoa dute erreserbatuta. Animatu!