Bideojoko sortzaile euskaldunentzako Euskal Game Jam ekimena egingo da azaroan
Partaideek euskarazko bideojokoak sortu beharko dituzte, aurrez aurre zein etxetik, azaroaren 17tik 19ra. Izen-ematea zabalik da, bakarka nahiz taldeka.
Zomorro Studiok, Game Erauntsia Elkarteak eta EHUk euskara hutsezko lehen Euskal Game Jama antolatu dute. Bideojoko sortzaile euskaldunak batzeko zein elkar ezagutzeko, euren abileziak agerian jartzeko eta harremanak sortzeko ekimena izango dela aurreratu dute. Euskal bideojokogintzan aritzen diren hasiberriak nahiz profesionalak elkartu nahi dituzte, eta, aldi berean, "euren gaitasunak ezagutarazi eta elkarrengandik ikasteko espazioa eraiki". Espazio hori fisikoa zein digitala izango da; EHUko Bilboko Bizkaia Aretoan aurrez aurre parte har daiteke, baina baita etxetik ere.
Parte-hartzaileek bideojoko bat sortu beharko dute 48 ordutan. Azaroaren 17an, 18:00etan, hasiko da sormen prozesua, eta azaroaren 19an proiektuak bukatuta eta itch.io plataforman argitaratuta eduki beharko dituzte.
18 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta izen-ematea irekita dago webgunean. Bideojokogintzan oinarrizko ezagutzak edukitzea nahitaezkoa dela jakinarazi dute antolatzaileek.
Bideojokoa bakarka nahiz taldeka gara daiteke, gehienez ere bost kideko taldetan. Taldekideak bilatu nahi dituenak izen ematearen fitxan edo Game Erauntsiaren Discord zerbitzarian (https://discord.gg/zYv84NQ) egin dezake. Euskal Game Jam txatean taldea sortzea ere proposa dezake.
Ekimen osoa euskara hutsean egingo da, eta aurkeztutako bideojokoak euskaratuta egon beharko dira. Hizkuntza gehiagotan egon daitezke, bai Game Jamean, bai honen ostean. Hortaz, talde bakoitzeko ordezkariak behintzat euskaraz hitz egiten jakin beharko du.
Partaideek itch.io bideojoko plataforman irekitako Euskal Game Jamaren atal berezira igoko dituzte euren lanak, eta publikoari bertatik deskargatzeko aukera emango zaio. Sormen epea bukatzerakoan, garatutako lanak aurkeztuko dira. Partaideen artean bozketa ere egingo dute. Beste proiektuak bozkatu ahalko dira hainbat kategoriatan: aurkezpenik ederrena, ideiarik originalena, dibertigarriena...
Hitzaldiak aurrez
Game Jama abiatu aurretik, antolatzaileek prestatutako hitzaldiak entzuteko aukera egongo da Bilboko Bizkaia Aretoan. Zomorro Studio bideojoko garatzaile taldeko Ibai Aizpuruak Euskal Game Jama aurkeztu eta gainerako Game Jametan izandako ibilbideari buruz hausnartuko du. Horretaz gain, Game Jam batean lehen aldiz parte hartuko duten sortzaileei aholkuak eta gomendioak eskainiko dizkie. Bestetik, Edurne Larraza EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia saileko irakasleak bideokontsolen inguruan sakonduko du, konputagailu baten sarrera/irteera azpisistemaren kontrola azalduz.