Bideo-deiak egiteko 'FaceTime' aplikazioa Windows eta Android-en

Apple-k web bertsio berri baten bidez eskuragarri jarriko du sarbidea eta, hortaz, edozein gailutan erabili ahal izango da.

Bideo-deien erabilera nabarmen zabaldu zen konfinamendu garaian eta horretarako hainbat aplikazio genituen erabilgarri. FaceTime aplikazioa, ordea, Apple-ren gailuetan bakarrik erabil zitekeen. Apple-k jakinarazi duenez, FaceTime bideo-deien aplikazioa Windows eta Android erabiltzaileentzat ere eskuragarri jarriko dute web bertsio berri baten bidez. Estrategia aldaketa honek erabiltzaile kopurua ugarituko du ezbairik gabe.

Hortaz, FaceTime bideo-deiak egiteko zerbitzu orokorragoa bilakatuko da, Zoom edo Google Meet-en antzera. Aplikazioa eguneratzen dutenean sarearen bidez erabili ahalko dugu, beraz, edozein gailutan izango dugu sarbidea. Bideo-deiak egiteko lagunei lotura bidaltzea, nabigatzaile bidez URL-a elkarbanatzea, aski izango da bertsio berrian, Apple-ren ekosistemaren barruan egon beharrik gabe. Ez dute iragarri eguneraketa noiz egingo duten baina laster izango dela aurreikusten dute. 

Web bertsioaz gain, bestelako eguneraketa batzuk ere egingo dituzte. Talde-deiak egiteko interfaze berria sortu eta soinu-kalitatea hobetuko dute, besteak beste.