Bide jasangarriena aukeratu ahalko da Google Maps-en

Google Maps-ek funtzio berri bat gehitu du. Bide ekologikoenak eta jasangarrienak iradokitzeko aukera gehitu du Europako berrogei herrialdetan.

Funtzionalitate berria erregaiaren kontsumoa minimizatzeko, eta, horrekin, karbono igorpenak murrizteko pentsatua dago. Statista erakundearen datuen arabera, bideko garraioa Europako iturri kutsakorrenetakoa da. 

Google-en aplikazioa gidariaren lehentasunetara egokituko da, beta emanez bide azkarrena edo ekologikoena hautatzeko. Erregaiaren aurrezte erlatiboa erakutsiko du eta bi bideen arteko denbora diferentzia. Bestalde, gidariak bere ibilgailua gasolina, diesela, hibridoa edo elektrikoa den aukeratu ahalko du, kontsumo eraginkorreneko bideak hobeto iradoki ditzan aplikazioak. 

Funtzionalitate hau lehendik martxan zegoen Estatu Batuetan eta Kanadan, non kalkulatzen den milioi erdi tona karbono igorpen ekidin ahal izan direla. 

Aukera hauez gain, aplikazio ezagunak, mugikortasun jasangarrirako bestelako aukerak ere eskaintzen ditu: bizikletan ibiltzeko bidea, oinezkoak, autoa partekatzeko aukerak edo garraio publikoa.