Bidasoko Euskara eta Kulturaren Azoka egingo dute bihar Beran
Euskararen erabilera eta sustapenerako hamabost egitasmo ezagutzeko aukera izango da bertan.
Euskararen erabilera eta sustapena helburu duten proiektuen azoka izango da. Ohiko azoken izaera du, baina euskararen erabilera, sustapena eta transmisioa helburu duten proiektuak izango dira protagonista. Ekimenaren helburua elkarrengandik ikastea, proiektuak hurbiletik ezagutzea, elkartrukerako gune izatea, eta elkar ezagutzea eta saretzea izango dira.
Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 15 proiektuk beteko dute Berako azoka gunea, 11:30etik 15:00etara. Eremu ezberdinetako proiektuak izango dira, euskararen erabileran eta transmisioan eragiten dutenak, eta antolatzaileek eurek emango dute egitasmoen berri.
Azokan bilduko diren egitasmoak errealitate eta hutsune edota behar zehatzei erantzuteko sortuak izan dira, baina, aldi berean, esportagarriak eta moldagarriak izateko bokazioa dute. “Bakoitzak bere herrira egingarriak diren ideia sorta eramateko balioko du azokak: inspirazio iturri eta ekintzarako pizgarri izango delakoan gaude”, azaldu dute azokaren arduradunek.
Honako hauek parte hartuko dute azokan: Baiona, Angelu eta Miarritzeko Mintzalasai euskaraz!; Ipar Euskal Herriko Euskaraz plazara!; Ortzaizeko Kirola Euskara Ahoan; Durangoko Gookapi; Usurbilgo Pulunpa eta Xin; Euskal Herriko Euskararen Kriseilua eta HIGA Topaketak; Donostia, Aretxabaleta eta Erandioko Ulerlaguna pilotajea; Ondarroako Euskara Maitea; Bortzirietako Borborraldia; Errenteriako Odola ematen bizia eman; Elgoibarko Gure natura ezagutuz; Euskal Herriko Paperjale eta Pantailak Euskaraz; eta Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunea.
Hala, askotariko esperientziak bilduko dira bertan: nazioarteko hizkuntza gutxituen gazte aktibisten saretzea eta Bortzirietako eskualdetze esperientzia; herrigintza euskaratik ahalbideratzen duten proiektuak; eremu digitalera begirako egitasmoak eta aisialdiarekin zein hezkuntzarekin lotutako tresna eta baliabide berritzaileak eskaintzen dituztenak.
Azoka irekia da eta "aurkezpen dinamikoekin eta musikarekin girotua" egongo dela aurreratu dute antolatzaileek. “Giro atseginean, elkar ezagutu eta elkarrengandik ikasteko aukera paregabea izango da”, gaineratu dute.