Bidasoako XI. Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa, azaroaren 15etik aurrera
Zine baliabideen bitartez iragana hurbiltzea helburu duen jaialdi honen hamaikagarren edizioan euskal gaiak jorratzen dituzten dokumentalak izango dira protagonista.
Oiasso Erromatar museoak 2.000 urtean abiatu zuen egitasmo honek, Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoak, lan arkeologikoen promozioa eta dibulgazioa bilatzen du, ikus-entzunezko ekoizpenen bitartez arkeologia bera eta iragana publiko zabalarengana helaraziz.
Aurtengoa azaroaren 15ean hasi eta 19an amaituko da. Tartean, makina bat proiekzio, hitzaldi eta tailer izango dira, guztiak Irungo Amaia Kultur Zentroko auditorioan, doan eta jatorrizko bertsioan (azpitituluekin).
Zinemaldiko antolatzaileek beraiek azpimarratu dutenez, hastapenetan zirkulu europarretan arakatu eta bilatu behar izaten zituzten programak osatzeko lanak. Azken urteetan, ordea, gero eta gehiago dira bertakoak. Zentzu horretan, aurten protagonismo berezia izango dute euskal dokumentalek eta askotarikoak dira hauek jorratuko dituzten gaiak: Ekaineko haitzuloetako pintura paleolitikoa, Aralarreko historiaurreko kobre-meategiak, La Hoyako II. Burdin Aroko herrixkako erasoa Laguardian, Errolan hil zeneko Orreagako borrokaldia eta euskal baleontzien espedizioak Ternuara, besteak beste.
Bost adituk osatutako epaimahaiak deliberatuko du zein den hamaikagarren edizio honetako Sail Ofizialeko irabazlea: Juan Santos Yanguas (Euskal Herriko Unibertsitateko Antzinako Historiako katedratikoa), Rosario Garcia Rozas (Zamorako Museo Probintzialeko Zuzendaria), Jesus Mari Lazkano (Margolaria eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako fakultateko irakaslea), Rogelio Sanchez (ASECIC Espainiako Zinema eta Irudi Zientifikoen Elkarteko Idazkari Nagusia) eta William Van Andringa (Helsinki Collegium for Advanced Studies).
Euskal gaien inguruko dokumentalen proiekzioak
Asteartea, azaroak 15
19:30. 778: Errolanen Kantua. Zuzendaritza: Olivier Van der Zee.
20:50. Apaizac Obeto. Azken balea txaluparen kondaira. Zuzendaritza: Jon Maia.
Asteazkena, azaroak 16
21:05. Ekainberri, aterpe berri bat haitzuloetako artearentzat. Zuzendaritza: Jose Luis Castro.
Osteguna, azaroak 17
19:25. Euskaldunen Kobrea. Zuzendaritza: Giorgio Studer.
Ostirala, azaroak 18
17:30. La Hoya herrixkari erasoa. Zuzendaritza: Carlos Rodriguez.