Bidaiatzeak gure nortasunean eragiten du
Bidaia batzuk mugarri izaten dira gure bizitzan. Zenbaiten iritziz, ordea, uneko gogoberotasuna besterik ez da izaten eta indarra galtzen du denboraren joanean. Psikologiaren alorrean egindako ikerketek uste hori gezurtatu egin dute eta bidaiatzeak aldatu egin gaitzakeela frogatu dute.
Jenako unibertsitateko ikertzaileek bidaiatzearen eragin psikologikoa aztertu dute. Alemaniako ikasle talde bat hautatu zuten ikerketarako; ikasleen erdia unibertsitate-ikasketak atzerrian egiteko prestatzen ari zen eta beste erdia herrialdean bertan aritzekoa zen. Nortasunaren inguruko proba batzuk egin zizkieten hasieran eta baita seihilekoaren amaieran ere. Emaitzek argi utzi dute bidaiatzeak gure nortasuna aldatzen duela bost ezaugarri hauei dagokienez: emozioak, kanporakoitasuna, adeitasuna, ardura eta esperientzia berriak bizitzeko irekitasuna.
Bada, bidaiatzeak zertan aldatzen gaitu?
1. Esperientzia berriekiko irekiago bihurtzen gara.
Bidaiatzen dugunean ezustekoak izan ohi dira sarritan: hegaldia atzeratzea, eguraldi txarra, edo plana aldatzera behartzen gaituen edozein oker. Egoera baino garrantzitsuagoa izaten da oztopoen aurrean hartzen dugun jarrera. Hortaz, bidaiatzen dutenek esperientzia berriekiko irekitasun handiagoa eta jarrera malguagoa izaten dute.
2. Gutxiago epaitzen dugu.
Ulertzen ez duguna kritikatzeko joera dugu. Bidaiatzean kultura eta pentsamolde ezberdinak ezagutzen ditugu eta, ondorioz, geure mundu ikuskera aldatu egiten da. Estereotipoak baztertzen laguntzen du. Dena den, horretarako beharrezkoa da bertako kulturan murgildu eta hura ulertzen saiatzea, besteen azalean jarri ahal izatea.
3. Kanporakoiagoak gara.
Ezagutzen ez dugun jende askorekin hitz egin behar izaten dugu. Horrek kanporakoiago izatera behartzen gaitu eta pixkanaka erosoago sentitzen gara ezezagunekin solasean. Horrela, lagun berriak egin ditzakegu eta gure gaitasun sozialak hobetzen ditugu.
4. Gero eta egoera gehiagotan sentitzen gara eroso.
Zenbat eta gehiago bidaiatu, orduan eta urrunago joateko prest izaten gara; beraz, gauza ezberdinagoak aurki ditzakegu bidean. Hori dela eta, lehen pentsaezinak ziren egoeretan senti gaitezke eroso. Gure burmuinak barneratu egiten du ezagutzen ditugun lekuetatik harago joatea edo gure ohituretatik urruntzea ez dela arriskutsua edo kaltegarria. Horrela, gure buruarekin dugun konfiantza sendotu egiten da eta hori oso baliagarria da egunerokoan.
5. Sormena garatzen dugu.
Sormenari oso lotuak diren lanpostuak dituztenek bidaiatzeko premia izaten dute, bidaietan inspirazio iturriak topatzen dituztelako. Bidaiatzeak ezarritako mugetatik kanpo pentsaraztera behartzen gaitu eta gauzak egiteko molde berriak jartzen dizkigu agerian. Frantziako INSEAD unibertsitateak egindako ikerlan baten arabera, atzerrian bestelako kulturak esploratzen aritzen direnek azkarrago konpontzen dituzten arazoak eta irtenbide sortzaileagoak topatzen dituzte.
6. Gehiago balioesten dugu daukaguna.
Eguneroko bizitzatik aldentzen garenean, gauza txikiei erreparatu eta euren balioa aitortzen diegu. Ez daukagunaz kexatu beharrean, daukaguna eskertzea dagokigu. Ikuspegi aldaketa honek zoriontsuago egiten gaitu, zoriontsuena gutxien behar duena izaten dela ohartzen baikara.
7. Erantzukizuna onartzen dugu.
Gure ekintzek ondorioak izaten dituzte; berandu heltzen bagara, ez dute hegaldia guregatik atzeratuko eta lo hartzen badugu, gosaririk gabe gera gaitezke. Eguneroko aldrebeskeria txikiak besterik ez dira horiek baina, horrelakoez gain, atzerrian bizitzen ikasi behar izaten dugu, hizkuntza eta ohitura ezberdinekin ziur asko. Horrelako esperientziek heltzeko balio izaten dute eta arduratsuagoak izaten ikasten dugu.
Hau guztia esanda, gogoan izan ondokoa: ez dugu bizitzatik ihes egiteko bidaiatu behar, bizitzak ez ihes egiteko baizik.