Beti prest?
Zeri erreparatzen diogu ligatzerakoan? Fisikoari, nortasunari
Ligatzearen misterioak sekretuak ditu.
Kalera irten eta zein handia den mundua! Mundu horretan, ordea, batzuek erakartzen gaituzte eta beste batzuek, ez. Zergatik? Zeri erreparatzen diogu, norbaiti amua botatzeko? Antza, bai mutilek, bai neskek, ligatzeko lehen urratsetan, bikotegaiaren fisikoari erreparatzen diogu. "Bai ederra aurrean dugun mutila! Gustura egingo nituzke zirriak berarekin ", esaten diogu belarrira lagunari.
Baina, lehen momentuko lilura igaro ondoren, emakumeek, gizonek ez bezala, beste zerbait sakonagoa bilatzen omen dute. Topikoa dirudi, baina adituek hala diote eta gure irakurleen artean eginiko inkestak ere hori berretsi du.
Adituen ustez, gizonezkoak itxurarekin itsutzen dira, eta ikerketen arabera, beraientzat, gorputzeko atal erakargarrienak ipurdia, titiak eta gorpuzkera dira. Hau da, planta oneko emakumeen bila ibili ohi dira. Emakumeak, oro har, ez dira ezpal berekoak. Hasieran, beraientzat ere itxura garrantzitsua den arren (begirada, gorputza, aurpegia ), neska baten bihotzean lekutxoa lortzeko, beste zerbait behar da. Zer bilatzen dute neskek bikotegaia aukeratzerakoan? Jantzia izatea, gozoa, atsegina, maitakorra, zintzoa, sentibera, erromantikoa, dibertigarria Zerrenda luzea da. Luzeegia, agian.
Topikoa baino zerbait gehiago
GAZTETXULOko zenbait irakurleen artean eginiko galdeketak teoria hauek okerrak ez direla baieztatu digu: ligatzerakoan, mutilentzat fisikoa garrantzitsuagoa da neskentzat baino. Galdetutako mutilen %80ak itxura nabarmendu du erakargarri gisa. Azkotiako 16 urteko Iñigo Berasategi horietakoa da: "Oro har, mutiloi neska politak gustatzen zaizkigu. Hori horrela da, ez da topikoa. Nire kasuan, erdibidekoak gustatzen zaizkit: ez lodiak eta ez meheak. Gainera, neska atsegina bada, askoz ere hobe". Beste hainbeste esan digu 17 urteko Pablo Larraz laudiotarrak. "Fisikoa oso garrantzitsua da ligatzerakoan, eta guk asko erreparatzen diogu itxurari. Koadrilan, esaterako, gogoko ditugun neskei buruz hitz egiten dugu".
Jasotako iritzien artean bada salbuespenik. "Neska batekin hasi aurretik barnean duenari begiratzen diot lehendabizi eta ondoren, itxurari. Niretzat ezinbestekoa da neska atsegina, gozoa eta azkarra izatea. Gainera, zintzoa izan behar du, beste mutil batekin ez joateko", esan digu Aitz Aldana ziburutarrak.
Neskak eta nortasuna
Neskei dagokienez, galdetutakoen %100ak bikotegaiaren nortasuna aipatu dute lehenik. "Egia da hasieran itxurari begiratzen diogula, baina hortik aurrera, gauzak aldatu egiten dira. Mutil sentiberak eta atseginak gogoko ditut. Izan ere, fisikoak ez du ezer esan nahi. Mutil batek txori asko izan ditzake buruan. Beraz, ni mutil normalago baino atseginago batekin geratuko nintzateke", esan digu Ana Castro 19 urteko barakaldarrak.
Vianako Ana Galarrek ere iritzi bera du: "Ez dut gogoko mutilaren profil zehatzik. Mutil batekin joateko, barrutik nolakoa den ikusi behar dut. Polita izatea baino, nahiago dut dibertigarria, jantzia eta gozoa izatea; ez dut zalantzarik.".
Etorkizunean zer?
Oro har, neskak eta mutilak maitasun kontuetan ezberdinak omen gara. Zergatik? Antza denez, mutil askok, ligatzerakoan, ongi pasatzea dute helburu bakarra, eta sexua eta sentimenduak ez lotzeko joera dute. Aldiz, neskek, ongi pasatzeaz gain, beste gauza batzuk bilatzen dituzte: segurtasuna, elkar ulertzea, laguntza emozionala eta maitatua sentitzea, adibidez.
Dena dela, emakumeen sexu iraultzarekin, gauzak aldatzen ari direla dirudi. Izan ere, hamarkada batzuetatik hona, gero eta neska gehiago ateratzen dira ligatzera ongi pasatzeko helburu bakarrarekin. Bilakaera hau ikusita, nolakoak izango dira hamar urte barruko ligatze kontuak?
Udan aukera gehiago
Udan ligatzeko aukera gehiago dago. Beroaren eragina edo. Gainera, oporretan kezkak ahaztea eta ondo pasatzea gogoko dugu. Neska-mutilak arropa gutxirekin ibili ohi dira eta, zenbaitetan, ikusten dugunak "bero-bero" jartzen gaitu. Hona hemen ligatzeko zenbait gomendio, aukera gal ez dezazun.
Natural izan. Ikasten ala lanean ari zara?, Uste dut inoiz elkar ikusi dugula... eta horrelako esaldiak modaz pasatu dira. Atsegina izan zaitez eta kitto.
Umoretsua izan. Ligatzeko armarik onenetakoa da. Beraz, erabil ezazu.
Ez izan tematia. Hobe da gauzak bere bidetik joaten uztea. Ondo ateratzen bada ongi, eta bestela... badira beste hamaika aukera.
Ez izan gozoegia. Ondo dago erromantikoa izatea eta bikotegaia afaltzera gonbidatzea, baina ez ezazu gau osoa laudorio artean pasatu.
Ez izan presarik. Ez da komeni presaka eta korrika ibiltzea, ligatzeko denbora behar da eta.