Beti oporretan

Opor giroko eszenarioa dute komunean Canoren liburu berria osatzen duten ipuin laburrek. Enpresarien safaria, ama-alabak hotelean, gurasoak kanpoan direneko nerabeen festa, Madrilera halabeharrez egin beharreko txangoak… Ezin finago zorroztutako arkatzaz gaiztotzen dio, ordea, Canok irribarrea udako zeruan zintzilik dagoen eguzkiari. Pertsonaiekin krudel, errealitatearekin leial, gordinak dira zenbait egoera, ez preseski idilikoak. Idazkera automatikoz baten bat, dialogo biziz, testu azkarrez eta dinamismo handiz guztiak, abiaduran sartzen zaituzten kontakizunak dira, emozioa nahi duen irakurlearentzat aproposak.