Beti ez dugu argazkietan barre egin

Gaur, abuztuak 19, argazkilaritzaren mundu mailako eguna dela aprobetxaturik galdera hau erantzuten saiatu naiz: zergatik egiten dugu irribarre argazkietan? Argi dago erakargarria egiten zaigula argazkietan irribarrez dagoen aurpegia, hau ordea ez da beti horrela izan; noiz hasi ginen kamerari irri egiten?

Estatu Batuetako eskola urtekarietako argazkiak aztertu zituen ikerketa batek eta erakutsi zuen, hamarkadak pasa ahala ikasleek gehiago egiten zutela irribarre. Horrek esan nahi al du belaunaldi berriak geroz eta zoriontsuagoak direla? Ez, progresio honen atzean Kodak enpresaren kanpaina bat dago.

Aipatutako ikerketan 1905etik 2013ra bitarteko ikasleen milaka aurpegi aztertu ziren. Gehien aldatu den hazpegia ahoa da: lehen urteetako ahoak serio azaltzen ziren, ezpain itxiak lerro zuzen bat irudikatuz. Progresiboki ordea, urteak pasa ahala gazteen ahoak kurbatzen joan dira geroz eta irribarre zabalagoa erakutsiz argazkietan. 70. hamarkadatik aurrera, eta batez ere 80. hamarkadan irribarre horieten hortzak erakusten hasiko dira.

Pintura eta argazkigintza
Argazkia asmatu zenean, jendeak ezinbestean pinturarekin erlazionatzen zuen. Makinaren barruan norbait irudikatzen zuten mihise, pintzel eta paleta batekin. Jendeak koadro baterako posatzen zuenean, adierazte serioa jartzen zuen, pintatzea prozesu luzea baitzen eta irribarrea denbora luzaz mantentzeak sekulako esfortzua exijitzen zuen. Horretaz gain, norbaitek pinta zaitzan izatearen desira nahiko berria da.

Norbait izatearen sentsazioa, Ni bat edukitzearena iragandako garaietan ez zen ohikoa. Hain justu, Rembrandt margolaria diote izan zela, XVIII. mendean, Nia garatzearen arduraduna. Kaleko jendearen erretratuak margotzen hasi zen eta jada XIX. mendean jendearentzat ohikoa zen pintura batean protagonista izatea. Ni modernoa egun ezagutzen dugun bezala garai horretan sortu zen, baina horrek esan nahi du orain dela gutxira arte jendea ez zela erretratatzen uzten.

Horregatik, argazkilaritza iritsi zenean, naturalki, irribarre ez egitearen ohitura mantendu zen zenbait urtez. Inflexio puntua Eastman Kodak Company-k eragin zuen XX. mende erdialdean jendeak argazkiak ateratzeko estrategiak bultzatu zituenean.

Kodak argazkiak zoriontasunarekin lotzen hasi zen. Helburua erabiltzaileek argazkiak ateratzera ohitzea zen erakusteko besteei zeinen ongi pasatzen ari ziren, eta noski, lortu zuten. Ez gara horrenbeste aldatu ordutik, ezta?

“Zuk sakatu botoia, guk egingo dugu beste guztia” lelopean Kodak-ek bere helburua lortu zuen: edozeinen eskura zegoen argazkiak egitea eta berak lortu zuen merkatuaren %90a. 1999an munduan 1.000 milioi argazki egin ziren eta 70 milioi argazki kamara erosi ziren Kodak-en 2000. urteko txostenaren arabera. Nahiz eta Kodak-ek ez zuen asmatu mugikor, tableta eta ordenagailuetara moldatzen beraiek ezarri zuten irribarre egitearen joera bere horretan mantendu da.