Bertsotan ikasi nahi duzu?

Martxoko astelehenetan, hilaren 3an hasi eta 31ra bitarte, 18:00etatik 20:00etara, doako bertso ikastaroa eskainiko du Beñat Gaztelumendik Kresala Elkartean, Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen eskutik. Izen-ematea otsailaren 21a baino lehen egin beharko da.



Bertsolaritza gertuagotik ezagutu eta beronen oinarrien berri izateko, helduei zuzendutako bertso ikastaroa antolatu du Bagerak martxorako. Beñat Gaztelumendi izango du gidari, azken Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera heldu zen donostiar gaztea, eta alor teknikoari (errima, neurria eta doinua) batetik, eta bertsolaritzaren historia eta bertsolariei bestetik, erreparatuko diete bost egun iraungo dituen ikastaroan; halaber, bertso jardunak Donostian izandako eragina jorratuko dute.

Ikastaroak hamar orduko iraupena izango du, eta bi orduko bost saiotan banatuko da: martxoaren 3tik 31ra, astelehenero, 18:00etatik 20:00etara. Parte Zaharreko Kresala Elkartean egingo dituzte saioak, eta parte hartzaileek ez dute kuotarik ordaindu beharko, hau da, doakoa izango da.

Izena eman nahi izanez gero, Bagera Elkartera deitu dezakezu edota bagera@bagera.net helbidera mezu bat bidali otsailaren 21a baino lehen, plaza kopurua mugatua baita. Animatu!