Bertsolaritza eta antzerkia uztartzen dituen 'Kea' ikuskizuna estreinatuko dute gaur Bilboko Euskararen Etxean

Inprobisazioa eta narratiba izango ditu ikuskizunak, eta idazle bizkaitarrek zeri idatzi dioten eta zeri ez aztertuko dute.

Euskararen Etxeak eta Euskal Idazleen Elkarteak Kea ikuskaria ondu dute eta gaur aurkeztuko dute Bilboko Euskararen Etxean, 19:30etik aurrera. Ikuskizunak bertsoa eta antzezpena batzen ditu eta, hala, Uxue Alberdi eta Miren Amuriza bertsolariak eta Aiora Sedano eta Irati Agirreazkuenaga aktoreak arituko dira oholtzan.

Hauxe da sinopsia: “Kea liburuxkak bildutako testu klasikoetatik abiatuta, antzerkia eta bertsolaritza uztartu duen emankizuna duzue hau. Zeri idatzi diete bizkaitarrek? Zergatik egin dute? Zer geratu da bazterrean? Eta zer geratu da idatzi barik? Ekaia, erleak, denbora… kearen bidez harilkatuta helduko zaizkio gaiak ikusleari”.

Ikuskizunak, alde batetik, bertsolaritzak beharrezkoa duen inprobisazioa izango du eta, bestetik, antzerkiak duen berezko narratiba harilkatuko du. 

Leire Vargasek idatzi du ikuskizunaren gidoia eta Mikel Ayllon arduratu da zuzendaritzaz. Eszenografia, berriz, ATX Teatroak sortu du.

Ikuskizuna ikusteko erreserba egin behar da komunika@idazleak.eus helbidera idatzita.