Bertsoderbia izango da bihar Zornotzan
Sei bertsolari arituko dira kantuan, bakoitza futbol taldeetako baten ordezkari.
Athletic Club Fundazioak eta Real Sociedad Fundazioak BertsoDerbiaren edizio berria antolatu dute biharko, 12:00etan, Zornotzan. Onintza Enbeita, Igor Elortza eta Anjel Mari Peñagarikano izango dira Athletic Clubeko ordezkariak, eta Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi Realekoak. Gai-jartzaile lanetan Xabier Irakulis arituko da.
Zornotza Aretoan izango da bertso-saioa, 12:00etan. Sarrera doakoa izango da eta bertsosarrerak.eus webgunean erreserbatu daiteke.
Bertsoderbia 2012.urteaz geroztik egiten da, eta bertsolaritza, euskal kultura eta euskara sustatzea du helburu, baita lehia mota jakin bat aldarrikatzea ere: osasuntsua, dibertigarria eta burutsua.