Bertso Udalekuetarako izen-ematea abian da
Aurten zortzi txanda izango dira uztailean zehar, laburragoak eta lagun kopuru txikiagokoak.
Iaz txanda-pasa egin eta gero, bueltan dira Bertso Udalekuak. Uztailaren 2tik 29ra egingo dituzte Sopela, Orio, Uitzi eta Amaiurren. Bost eguneko zortzi txanda izango dira guztira, adinaren arabera sailkatuta, eta 9 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduak. Izen-emateko lehen epea ireki dute eta ostiralera arte egongo da zabalik. Lehenengo epe hau bertso-eskolako kide diren edota gurasoetako bat Bertsozale Elkarteko bazkide duten gazteentzat da. Ondoren, bigarren izen-emate bat izango da maiatzaren 25etik 31ra.
Izena emateko, orria bete beharko da, txanda aukeratu eta parte hartzeko baldintzak irakurri eta onartu. Izen-emate ordena eta lurralde aniztasuna hartuko dira aintzat txandak osatzeko garaian, eta izena eman duten guztiei ekainaren 9rako erantzungo zaie udalekuetan parte hartzeko aukerarik baduten ala ez.
COVID neurriak kontuan hartuta
Prebentzio eta garbiketarako segurtasun protokoloa diseinatu dute eta indarrean dauden neurri eta legeak kontuan izango dituzte une oro. Egoera ikusirik, taldeak txikiagoak izango dira eta egonaldi laburragoak, bost egunekoak.
Bertsozale Elkarteak antolatzen ditu Bertso Udalekuak, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sailaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Irizarren laguntzarekin.