Bertso Eguna urtarrilaren 28an izango da, Azpeitian
Libreko bertso saioak, bertso bazkariak eta gaueko saioa egingo dituzte.
Bertsozale Elkarteak Azpeitian antolatu du 2023ko Bertso Eguna, urtarrilaren 28an. Egun osoko plana izango dela aurreratu dute, goizean bertso-poteoa, bertso bazkariak, arratsaldeko poteoa, afaria eta ondoren bertso ekitaldia izango baitira.
Goizeko hamaika eta erdietan elkartu eta kalez kale poteoan ibiliko dira, libreko bertso saio irekiekin. Ordu bi eta erdietatik aurrera, mota ezberdineko bost bertso bazkari izango dira aldi berean, Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan. Hiru libreko saio izango dira: batean, Jone Uria eta Sustrai Colina ariko dira bertsotan; bigarrenean, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza; eta hirugarrenean, Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga. Bertso saio musikatua ere izango da, Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal bertsolariekin eta Gari Otamendi eta Ixak Arruti musikariekin. Azkenik, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo arituko dira emandako gaiekin. Azken bi saiootan Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarro izango dira gai-jartzen.
Arratsaldean poteoa egingo dute, eta 21:00etan afaria eskainiko da Elikagunean. Afalostean izango da bertso ekitaldia Elikagunean bertan. Eñaut Martikorena eta Maialen Lujanbio ariko dira librean; Ane Ezenarrok eta Imanol Artolak gaiak jarrita, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles; eta bertso jarriekin, Aissa Intxausti, Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi.
Sarrerak salgai
Bertso Eguneko bertso bazkarietarako eta afari eta afalosteko saiorako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian eros daitezke.
