Berta Kobarazkik euskal folklorea, elektronika eta sorkuntza garaikidea uztartzen dituen 'Zero Merito' EP-a kaleratu du

Zortzi abestiz osatutako lehen lanak tradizioa, herri kultura, umorea eta emozioa ditu osagai.

Berta Kobarazkik Zero Merito EPa plazaratu du, eta "euskal kulturari begirada desberdin bat" eskaintzen dion zortzi abestiko lehen lana da. Elektronika, popa eta euskal folklorea ditu ardatz, eta tradizioa, memoria kolektiboa, jaia, aniztasuna, umorea eta emozioa elkartuko ditu bere unibertso artistiko propio horretan. 

Artistak azaldu duenez, "tradizioa eta garaikidetasuna elkarrekin bizi daitezkeela" erakusten du lehen lan honek, eta entzulea "bere iruditeria propioa eraikitzera gonbidatzen du". Berta Kobarazkik ez du folklorea iraganera begiratzeko ariketa gisa ulertzen, "etengabe eraldatzen ari den kultura bizi baten adierazpen gisa baizik". 

EParen lehen kantua Zerito Merito da. Ikusten ez den lanaz, aitortzarik jasotzen ez duen ahaleginaz eta besteen distiraren atzean
geratzen diren istorioez hitz egiten du. Ideia horrek zeharkatzen du disko osoa, eta identitateari, oroitzapenei, pertenentziari eta eraldaketari buruzko gogoeta egiten du artistak.

Lan honen lehen aurrerapena izandako Euskolabel kantua ere aurkituko du bertan entzuleak. "Euskal Herriko eguneroko sinbolo,
produktu, ohitura eta erreferentzien bilduma dibertigarria" da, eta kultura herrikoia ospatzen du. "Abestiak erakusten du tradizioa ere umoretik eta jai girotik aldarrikatu daitekeela", azaldu du.

Bigarren singlea, Esaidazu, Betizu Taldea taldearen abesti ezagunenetako baten berrirakurketa da. 2000ko hamarkadaren hasieran belaunaldi oso bat markatu zuen kanta gaur egungo soinuetara ekarri du Bibiana Bakanaren laguntzarekin. Berta Kobarazkirentzat "haurtzaroko amets bati eta bere ibilbide musikala piztu zuten erreferentziei egindako omenaldia" da.

Proiektuaren ikuspegi artistikoa osatzen duen testua ere badu EPak, Ainara Martinek idatzitako Aske dabiltzan ideien manifestua izenekoa. Testuak Berta Kobarazkiren imajinarioaren oinarriak azaltzen ditu; ideiak partekatu, berrinterpretatu eta etengabe eraldatzen direla defendatzen duen adierazpena da. "Sorkuntza ulertzeko modu ireki baten aldarria" dela azaldu du artistak, "kultura ondare bizia dela eta belaunaldiz belaunaldi berridazten dela azpimarratzen duena"