Berrikuntzak Rikardo Arregi Sarietan

Bi modalitate izango ditu aurten: Kazetaritza eta Komunikazioa.

30 urte bete berri dituzte Rikardo Arregi kazetaritza sariek, eta zenbaki borobila ospatzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Andoaingo Udalak berrikuntzez beteta datorren edizioa aurkeztu dute. Azaldu dutenez, aurten bi sari emango dira: Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria. Edizio honetan, gainera, lehen aldiz izendatuko dira finalistak: lau Kazetaritza Sarirako eta beste lau Komunikazio Sarirako, gehienez. Azaroan emango dira ezagutzera XXI. edizio honen irabazleak.

Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak azpimarratu duenez, bi sari banatzearen arrazoia euskal komunikabideen aniztasuna saritzea da: "Badaukagu egunero euskara hutsean argitaratzen den egunkari bat, badaude informazio orokorreko aldizkariak, aldizkari berezituak, tokiko telebistak, tokiko egunkariak, irrati-kateak eta ingurune digitalean diharduten gero eta hedabide gehiago. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek pauso garrantzitsu bat eman dugu aurten errealitate anitz eta aberats hori hobeto zaintzeko, proiektu horien finantziazio publikoa hobetuz".

Patxi Baztarrika epaimahaiaren idazkariak azaldu duenez,  Kazetaritza saria-ri dagokionez, 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera.  Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa. Halaber, Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute “euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen direnek”. Kasu honetan ere 2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintzak izango dira. ‘Komunikazio saria’ ere  9.000 eurokoa izango da, eta irabazleak Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistiko bat eramango du. Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek Xabier Lakak beren-beregi Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 15era bitartean aurkez litezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek  egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Jose Inazio Basterretxea, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; Itxaro Borda, idazlea eta prentsa kolaboratzailea; Aingeru Epaltza, idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea; Maite Goñi, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua; Elixabete Larrinaga, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea; Ion Muñoa, Deustuko Unibertsitateko  Komunikazio Graduko irakaslea; eta Jon Sarasua, MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua. Mahaiburua Ainara Rodríguez Zalakain izango da, eta idazkaria, Patxi Baztarrika.

XXXI. edizio honetako finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren amaieran izango da Andoainen, Bastero Kulturgunean. Orduan jakingo da nortzuk diren aurtengo saridunak.

GAZTEZULO, RIKARDO ARREGI SARIDUN

2011. urtean, Igone Mariezkurrena kazetariak Rikardo Arregi Kazetari Berria saria jaso zuen GAZTEZULO aldizkarian egindako lanagatik; horrekin batera, GAZTEZULOk 2002an Rikardo Arregi saria irabazi zuen.