Berri Txarrakek Ross Robinsonekin grabatuko du zazpigarrena
Nafarroko hirukotea abuztuan hasiko da estudioko lan berria grabatzen Kalifornian.
At The Drive-In, Slipknot, The Cure, Sepultura, Korn, Machine Head, Klaxons edo Glassjaw gisako talde entzutetsuen lanen atzean dagoen Ross Robinson entzutetsua arduratuko da Berri Txarrak taldearen zazpigarren diskoa ekoizteaz.
Jakinarazi dutenez, Gorka Urbizuk, Galder Izagirrek eta David Gonzalezek osatutako hirukoak udan, abuztuan, ekingo dio grabaketa lanari. Ross Robinsonek berak Venice Beach-en, Kalifornian, duen estudioan egingo dute.
Burua, beraz, zazpigarrenean jarria dute, kantu berriak sortzen ari dira eta honezkero hitzartuak dituzten kontzertuak izango dira 2011ko azkenak. Besteak beste, maiatzaren 8an Senperen, Herri Urrats egunean, ariko dira zuzenean.
2009ko irailan 'Payola' diskoa kaleratu zutenetik, erritmo zirraragarrian ibili dira nafarrak, eta orotara, 17 herrialdetara eraman dituzte beren doinuak. Bereziki aipagarriak 2010eko irailan Asian barrena eginiko bira (Japonia, Hego-Korea, Txina) eta berriki Ameriketara eginiko hegaldia ere (Brasil, Argentina, Uruguay, Txile, Mexiko, Kanada eta AEB).
Ezbairik gabe, egungo euskal rock talde aktiboenetakoa da Lekunberrikoa. Payola aurkeztu zutenean elkarrizketatu genituen eta datorren udazkenean ere gertutik jarraituko ditugu.