Bermeoko XXXIX. Nazioarteko Musika Astea hasiko da gaur
Doako lau kontzertu eskainiko dira gaurtik ostiralera bitarte.
Bermeoko XXXIX. Nazioarteko Musika Astea gaurtik ostiralera izango da martxan, eta lau kontzertu hartuko ditu Santa Maria elizak; 20:00etan hasiko dira kontzertu guztiak eta dohainik izango dira.
Gaur Zaruk bikoteak emango dio hasiera musika asteari. Iris Azquinezarrek (biolontxeloa) eta Rainer Sieferthek (gitarra) Agua diskoa aurkeztuko dute Santa Maria elizako kontzertuan. Gizakiak urari abesten dio disko horretan. Iberiar Penintsulako musika tradizionala, dantza balkanikoak, Franz Schubert-en erromantizismoa, Jean Sibelius-en soinu nordikoak, Tom Jobim-en soinu-oihana eta berezko konposizioak izango dira emanaldian.
Bihar, berriz, Duo Dolmenen txanda izango da. Eider Garcia de la Torre Aurrekoetxeak (klarinetea) eta Ibon Ariznabarreta Barrigak (flauta) osatzen dute Duo Dolmen.
Ostegunean, Ibai Pijoan & Gus McQuaderen musikaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Pieza klasikoak eta modernagoak aurkeztuko dituzte bertan.
Azkenik, ostiralean, Bilbao Orkestra Sinfonikoko (BOS) Itsasne Alzola Garamendi biolin bakarlaria eta Jorge Yagüe zuzendaria izango dira Bermeon. Kontzertu berezia izango da, Bermeon bizi zen eta duela gutxi zendu zen Estefan Madru musikaria omenduko baitute.