'Beltza naiz' dokumentala Bilbon

Uztailaren 7an eskainiko dute BilbaoArten 'Black is beltza' animazio filmaren sortze prozesuaz diharduen ikus-entzunezkoa. Transmedia garapenaz gain, parte hartu duten lagunei egindako elkarrizketak ere jasotzen ditu.

Lehen asteazkeneko hitzordua zikloko emanaldiak eskaintzen ditu hilero BilbaoArtekFilmazpit euskarazko azpidatzidun filmen katalogoarekin elkarlanean. Uztailaren 7an, 19:00etan, Fermin Muguruzaren Beltza naiz dokumentala eskainiko dute, Black is beltza animazio filmaren garapen prozesuaren inguruko ikus-entzunezkoa. 

Aita tanzaniarra eta ama zarauztarra dituen Amaia Jacksonen oharretatik abiatuta osatu zuen Fermin Muguruzaren lantaldeak Beltza naiz dokumentala 2018an. Urte hartan bertan Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean estreinatu zuen Black is Beltza animazio lanaren sortze prozesua jasotzen du.

Ikus-entzunezkoa bi zatitan banatzen da: batetik, dokumentalaren transmedia garapena nolakoa izan den erakusten du, eta bestetik, animaziozko filmaren sorkuntza prozesu osoa, parte hartu duten artistei eta ekintzaileei eginiko elkarrizketekin lagunduta. Azken batean, animaziozko lanaren making-of gisa aurkeztu dute filma. 

Lehen asteazkeneko hitzordua  urtarrilean abiatu zuten eta abendura arte iraungo du; hilean euskarazko azpidatzidun film bat proiektatzen dute. Abuztuaren 4an Fermin Muguruzarekin lotutako beste proiektu baten emanaldia izango da, No More Tour musika dokumentalarena. 2013an aurkeztu zuten Daniel Gomez eta Fermin Muguruzak zuzendutako lana, bost hilabeteko biraren argi-ilunak erakusten dituen dokumentala.