Belaunaldiaren arabera, gehien erabiltzen diren emotikonoak
Wavemaker agentziak emotikonoen inguruko azterketa egin du, belaunaldi bakoitzak nola erabiltzen dituen jakiteko. 54 herrialdetako ia 450.000 pertsonaren artean egin dute galdeketa.
Z belaunaldikoen artean emotikono erabiliena zein den ba al dakizu? Bada, bi daude rankingaren gorenean. Alde batetik, barrez lehertzen ari dena (😂), eta, beste aldetik, bihotza (❤️). Horien ondoren, aurpegiaren bueltan bihotzak dituena (🥰) eta erpurua goraka (👍) . Aniztasun handiagoa dago hala ere, beste belaunaldietan hainbeste erabiltzen ez direnak ere ageri baitira, esaterako azaltzen zaila den keinu irribarretsu gogaikarria(😏), begi-jokoenak (🙄👀), urtzen ari den aurpegia (🫠), sua (🔥), edota buruhezurra (💀).
Gainerako belaunaldietan erpurua edo hatz lodia goraka (👍) agertzen dena erabiltzen dute gehien. Millenniallek ez, ordea. Haien kutuna barrez lehertzen ari den emotikonoa da (😂), eta bigarrena, berriz, barrez lehertzen dena eta okerka ageri dena (🤣), ingelesez Rolling on Floor Laughing deitzen zaiona, hau da, lurrean bueltaka barrez aritzea. Haien atzetik honako hauek daude: erpurua goraka, bihotza, aurpegiaren bueltan bihotzak dituena (🥰), irribarrea (😊), batutako eskuak (🙏), pentsakor dagoena edo goibeltasuna islatzen dutenak.
"Belaunaldi isila" deitzen zaionak, 1948 baino lehen jaiotakoek, gainerakoek baino askoz emotikono gutxiago erabiltzen dituzte, hamahiru bakarrik. Erpuruarena (👍) da gehien erabiltzen dutena, eta bestela aurpegi irribarretsua (😊), barrez lehertzen ari dena (😂) edo bihotza (❤️).
X belaunaldikoak, 1965 eta 1981en artean jaiotakoek ohiko emotikonoetara jotzeko joera dute: erpurua, barrez lehertzen ari dena, bihotza eta aurpegi irribarretsua. Babyboomerrek, 1946 eta 1955 artean jaiotakoek, ere ohitura bera dute.
Eta zuk, zein erabiltzen dituzu gehien?