Belako Aste Nagusi Piratan
Fermin Muguruzarekin batera hurrengo larunbatean Anoetan eskaini behar zuen kontzertua bertan behera geratu da aste honetan, arautegi berriak sarreren kopurua erdira mugatu duelako. Trukean, taldeak doako emanaldia eskainiko du abuztuaren 18an!
"Pena handiz baina Fermin Muguruza eta TSOWCrekin batera eman behar genuen larunbat honetako polikiroldegiko kontzertua bertan behera geratzen da. Gaur goizean esan digutenez, segurtasun lege bat dela eta, 682 pertsona bakarrik egon daitezke kontzertuan, eta ez gara denak sartzen. Mundu guztiari bueltatuko zaio dirua, erositako puntuetan". Mezu horrekin Belako taldeak iragarri du bertan behera gelditu dela larunbatean Anoetan eskaini behar zuen kontzertua; konpentsazio moduan, abuztuaren 18an Donostiako Aste Nagusi Piratarekin bat egingo dute, Flamenkan doako kontzertua eskainiz.
Hurrengo astean Aste Nagusiko kontzertuen egitaraua osatzen duten taldeen zerrenda osoa jakinaraziko dute.