"Beiraren belaunaldia": ingurugiroarekin eta aldaketa sozialarekin engaiatutako gazteria
Gazteei egindako ohiko kritiken aurrean, gazteen egokitzeko gaitasuna nabarmendu dute ANFEVIK egindako dokumentalean.
Espainiako ANFEVIk, Beirazko Ontzien Fabrikatzaileen Elkarteak, La generación de vidrio (Beirazko belaunaldia) izeneko dokumentala egin du, eta bertan "kristalezko belaunaldia" deiturikoaren inguruko hausnarketa egin du, hainbat profesional eta gazteren testigantzak jasota. Gazteen kezkak, jarrerak eta pentsamenduak bildu dituzte dokumentalean.
Rocio Ramos-Paul psikologoaz, eta hainbat sektoretako profesionalen iritziez gain, beste hainbat gaztek ematen dute euren ikuspuntuaren berri: ingurugiro alorrean egiten dutena, artea, zientzia, lan munduko prekarietatea...
Gazte belaunaldiari "kristalezkoa" dela leporatu izan zaio askotan: "hauskorrak eta berekoiak" direla, edo "munduari aurre egiteko ez direla gai". Dokumentalean, ordea, egokitu zaien une historikoaz eta haien etorkizunaz jabetzen den gazteria ezagutu dute, eta eraldaketarako prest dagoena. Jaime Dezcallar zuzendariaren hitzetan, "Askotan entzuna izan aurretik epaitua sentitzen den belaunaldi bati ahotsa eman nahi genion. Haien hitzen eta bizipenen bidez, gazteria sendoa, kontzientea eta eraldatzeko gaitasun sinestezina duena deskubritu dugu".
ANFEVIk azaldu duenez, "dokumentalak aldaketaren balioa aldarrikatzen du. Geroz eta konplexuagoa den testuinguru baten erronkak onartu beharrean, ohiko joera gazteak kritikatzea izaten da, haien bizitza errazagoa dela eta balioak galdu dituztela ziurtzat emanda. Baina belaunaldi hau definitzen duena ez da ahultasuna, egokitzeko gaitasuna baizik. Ziurgabea den etorkizunaren eta etengabe eraldatzen ari den orainaldiaren aurrean, gardenagoak izaten ikasi dute, kontzienteagok izaten, eta identitatea galdu gabe berrasmatzen".