Behar ez dituzun gauzak erosteari uzteko aholkuak
Erosketetarako joera kontrolatu nahian bazabiltza, beharbada gomendio hauek baliagarriak izango dira zuretzat.
Kontsumoaren garaian bizi gara eta gauzak erostea aisialdirako plana ere izaten da askorentzat. Horretarako gehiegizko joera duzula iruditzen bazaizu edo alor horretan aldaketaren bat egiteko asmotan bazabiltza, adi aholku hauei:
- Itxaron egun bat igaro arte. Zerbait erosi nahi duzunean, gutxienez 24 orduz itxaron. Gehienetan, gogoa edo grina baretu egiten da eta konturatzen zara ez zenuela benetan behar.
- Etorkizunean beharko al duzun galdetu zure buruari. Une honetan beharrezkoa al duzun eta datorren hilabetean erabiliko al duzun pentsatu behar duzu. Honako kontu hauen inguruan ere hausnar dezakezu: "Antzekorik ba al dut jada etxean?"; "Nire arazoa konpontzen du ala unean uneko gutizia baino ez da?". Zerrenda bat ere egin dezakezu desiratzen dituzun gauzekin eta handik astebetera edo hilabetera berriz begiratu eta zeure buruari galdetu ea oraindik erosi nahi al dituzun.
- Oztopoak jarri. Online dendetan dituzun kontuetan zure kreditu txartelaren datuak ezabatu, erosketa egin ahal izatea nekezagoa izan dadin. Horretaz gain, komertzioetatik iristen zaizkizun emailak, mezuak edo aplikazioen jakinarazpenak blokeatu.
- Aurrekontu txiki bat ezarri. Debekatzea baino hobea da kontrolatzea. Hilean x euro gorde zenitzake, ahal duzuna, gutizietarako.
- Behar duzuna eskatu edo alokatu. Noizean behin bakarrik behar duzun zerbait bada, agian norbaiti eska diezaiokezu edo alokatu.
- Emozioak kudeatzeko bestelako bideak bilatu. Askotan aspertuta, estresatuta edo goibel gaudelako erosten dugu. Hortaz, saiatu bestelako jarduerak egiten: musika entzun, paseo bat eman, kirola egin, lagun batekin elkartu edo hitz egin, sorkuntzara jo...
Eta benetako arazoa duzula uste izanez gero, profesional bati laguntza eskatzea izango da onena. Zorte on!