Begoña Durruty eta Marko Armpach euskal komikigintzaren ordezkari Bruselan
Euskal kulturak laugarren aldiz hartuko du parte ekitaldian EUNIC-en (European Union National Institutes for Culture) eskutik eta Etxepare Euskal Institutua eta Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzaren arteko elkarlanari esker.
Euskal komikigintza laugarren aldiz egongo da ordezkatuta irailaren 14etik 16ra Belgikako hiriburuan egingo den Fête de la BD – Strip Feest jaialdi entzutetsuan. 2010. urtean sortutako ekitaldi honek komikiarekin loturiko makina bat tailer, aurkezpen, hitzaldi, mahainguru eta erakusketa eskaintzen ditu. Horrekin batera, Europa osoko editoreek euren argitalpenak eta nobedadeak erakusten dituzte bertan. Urtero 100.000tik gora bisitari eta 250 egile baino gehiago elkartzen dira jaialdian, eta aurten Begoña Durruty eta Marko Armpach marrazkilariak egongo dira horien artean.
Aurten Begoña Durruty eta Marko Armpach marrazkilariak izango dira Bruselara joango diren euskal sortzaileak. Irailaren 15ean Armpach-ek norberaren herrialdean komikigintzak duen egoeraz eztabaidatzeko mahai-inguruan hartuko du parte Luxenburgo, Portugal eta Turkiako egileekin batera. Irailaren 16an berriz Durruty-k haurrei zuzendutako sorkuntza tailerra emango du. Parte hartzen duten herrialdeetako komikien aniztasuna erakutsiko duen erakusketa bat ere antolatu da.
Era berean, sektoreko editoreek, profesionalek eta ikusleak orokorrean euskal komikigintza hobeto ezagutzeko aukera izango dute hainbat argitaletxek argitaratutako lanak eskuragai egongo baitira.