Begietan nekea sentitzen duzu? Yogak lagunduko dizu

Gorputz osoarekin praktikatu daiteke yoga, baita begiekin ere.

Azken urtean gorputzeko atal bat bereziki nekatu dugu; ikusmena. Etxean hilabetetan gordeta egoteak, telelanak eta etengabe pantailei begira egoteak leher eginda utzi ditu gure begiak. Adituen esanetan, ikusmen arazoak biderkatu egin dira pandemia hasi zenetik; horren aurrean, bada gure ikusmena berreskuratzeko egin dezakegun zerbait: yoga.

Begientzako yoga existitzen da, eta denbora gutxian nabarituko ditugu ariketa hauen onurak; gure begiek hobeto hartuko dute atseden, eta indartsuago sentituko dira lanean jarraitzeko. Egin beharreko ariketak sinpleak dira, eta hiru zatitan banatzen dira; begiak ez ezik, burua eta lepoa ere askatzen lagunduko digute.

LUZAPENAK

Ikusmen eremua ondo luzatzeko lehenik eta behin erlaxatzea ezinbestekoa da. Beraz, egin beharreko lehen gauza masailezurra eta masailak guztiz erlaxatzea da, begiak itxiz. Aurpegiko muskulu guztiak lasaitzen dituzula sentitu; beti ere begiak itxita mantenduz (ez dira gogor itxi behar), mugitu begiak alde batera eta bestera; ondoren, gora begiratu (oraindik ere begi itxiekin), eta bertan lau segundo mantendu. Jaitsi begirada, eta behera begiratuz beste lau segundo mantendu. Ariketa hori bost aldiz errepikatu, eta ondoren, berdina egin ezker eta eskuin aldera begiratuz.

BEGIRADA INDARTU

Behin luzapenak eginda, begiei mugimendu apur bat emango diegu; horretarako, begiak ahalik eta azkarren kliskatu hamar aldiz. Ondoren, leuntasunez begiak itxi, eta bost segundoz hala mantendu. Ariketa bost aldiz errepikatu.

ENFOKATU

Azken ariketa honetarako, hobe eserita egotea, bizkarra tente mantenduz. Besoak aurrean luzatu, eskuetako hatz lodiak goraka jarrita. Behin gorputza prest dagoenean, begirada hatz lodiaren azazkalera bideratu, lau segundo mantenduz. Ondoren, eraman hatz lodia sudurrera, begiradarekin jarraituz, enfokatzeari utzi arte. Itzuli hasierako puntura, azazkala begiratzeari utzi gabe. Ariketa bost aldiz errepikatu hatz bakoitzarekin.