Begi urdineko pertsona guztiek orain dela 6.000 eta 10.000 urte artean bizi izan zen arbaso bat dute amankomunean

Ikerketa Konpehageko unibertsitateak burutu du eta Human Genetics aldizkarian argitaratu da.

Urdina bigarren begi kolorerik ohikoena bada ere, pertsonen %8-10 artean soilik dituzte kolore honetako begi argiak. Portzentaia hau oraindik harrigarriago bihurtzen du ikerketa honek. Dirudienez, begi urdindun pertsona guztiak arbaso bakar bat dute amankomunean. Arbaso honek, modu espontaneoan mutazio bat izan zuen eta mutazio hau harengandik mundu osora zabaldu da azken 6-10 milurteetan. 

"Jatorriz guztiok begi marroiak genituen" azaltzen du ikerketaren autore nagusia den Hans Eiberg irakasleak. "Mutazio genetiko batek OCA2 deitzen den geneari eragin zion eta honek begi marroiak sortzeko ahalmena itzali zuen" gehitu du.

Ikerketa burutzeko Copenhagen Family Bank-eko material genetikoa erabili zen. Bertan daniar jatorriko hiru belaunaldietako pertsonak aztertu ziren begi urdinen mutazio genetikoa identifikatu ahal izateko. 

Guztira 100 familia aztertu ziren. Horietatik 45ek behintzat senitarteko bat zuten begi marroiekin eta beste 55 familiako kide guztiek begi urdinak zituzten. Begi parea kolore ezberdinekoa duten bi kide ere aztertu ziren. Ikerketan Turkiako eta Jordaniako material genetikoa ere erabili zen alderaketak burutzeko.

Guztien DNA aztertu ondoren, behatu zuten mutazioak OCA2 geneari eragiten diola. Gene hau arduratzen da melanina gure gorputzean ekoizteaz eta berak ematen dio gure ile, azal eta begiei kolorea. 

Mutazioan behatu da, begi urdindunetan ez dela guztiz eteten melaninaren ekoizpena. Etetea OCA2ren alboetako geneetan gertatzen da. Honela, melanina ekoizten jarraitzen da, baina kopuru baxuagoan. OCA2ak ez balu inongo melaninarik ekoitziko, albinismoaz hitz egingo genuke. 

Ezberdintasun hauek ere nabarmenak dira genoman. Begi urdineko pertsonen artean melanina kodifikatzen duten geneak oso antzekoak dira, begi marroi edo berdedun pertsonekin alderatuz, honek erakusten du begi urdindun pertsonek arbaso amankomun bat partekatzen dutela. Zehaztu ahal izan dutenaren arabera arbaso hau orain dela 6.000-10.000 urte artean bizi izan zen. 

Begi urdinen mutazioa ez da ez negatiboa, ez eta positiboa ere. Ikerketaren arabera eboluzioan ez da ez abantaila bat ez eta desabantaila bat ere eta ez du eraginik indibiduoaren biziraupenean.