Uztailean ekin zion bigarren diskoa –‘Y.’– kontzertuz kontzertu aurkezteari, alaba jaio berriak ez baitio utzi orain arte. Euskal Herrian geldialdi pare bat egin du eta berarekin mintzatzeko beta izan dugu. Itxuraldaturik, orain urte batzuk baino bareago, zuhurrago eta pentsakorrago sumatu dugu; ez ditu, hargatik, berezi egiten duten bizitasuna eta grazia galdu.
Kostata lotzen dugu Maria Nieves Rebolledo izena Beberekin. Halaxe jarri zioten orain 32 urte sortu zenean, baina nahiago du bigarrena. Musika tresna artean hezi zuten gurasoek Extremaduran (Espainia), musika edan zuen eta 17 urte zituela sartu zen korista talde txiki batean. Berehala Madrilera egin zuen, baina, Arte Dramatikoa ikasi eta bide berriak urratzera; garai haiek gogoratzeak irribarrea lapurtzen omen dio orain. Zinemagintzan zer edo zer egin zuen, Jesus Bonillaren El Oro de Moscu (2003) filmean adibidez, baina gu guztiok buruan dugun Bebe 2004an jaio zen, Pafuera Telarañas lanarekin batera. Platinozko bost disko eskuratu zituen Espainian, eta urrezko disko bana beste lau herrialdetan: AEBetan, Italian, Argentinan eta Kolonbian. Artista Berriari Onda Saria eman zioten 2004an, Artista Berriari Grammy Saria 2005ean, Espainiako Musikaren Sarietan lau garaikur, Europa mailako Border Breakers-a 2006an… Bebek geldiezina zirudien. “Tonto!” esan zien, ozen, jipoiak banatuta puzten diren gizon zitalei, eta itxaropena marraztu zuen ilusio gabe bizi ziren emakumeen begiradetan. Bereak, bere begi ilunek indarra besterik ez zuten irudikatzen, baina irudikeria ote zen zalantza sortu zitzaigun ondoren, musikatik behin behinean aldenduko zela iragarri zuenean. Diskoa top guztietan gorenera iritsi zen; eta Bebek goia jo zuen, hura gehiegizkoa zen beretzat, berak “neska normal bat” izaten jarraitu nahi zuen. Etxeko lasaitasunean, bidaia-abenturetan eta zinemagintzan bilatu zuen bere burua, harik eta, indarberriturik, Y. bigarren diskoak 2009ko ekaina amaieran argia ikusi zuen arte. Berriz ere erditu zen handik bederatzi hilabetera, Candela alaba txikiak ikusi zuen argia orduan, eta berak atzeratu du amaren bira orain gutxi arte. Bilbora bidean harrapatu dugu. Ahots eta azentu goxoz erantzun dio gure deiari.
Normalean, nola mugitzen zara kontzertuetara?
Gaur furgonetan harrapatu nauzu, musikariekin, lehen egiten nuen bezala. Baina normalean, haurra jaio zenetik, kotxez mugitzen naiz beraiek baino beranduago irten eta lehenago, kontzertua bukatu bezain pronto, itzuli ahal izateko. Umearekin denbora gehiago eman ahal izateko.
Bidaia arintzeko... trikimailuak, mila.
Ba, begira, deitu duzunean esnea ateratzen ari nintzen! Bestela, pelikularen bat ikusten dut, ordenagailuarekin gauzatxoak egiten entretenitzen naiz, medioekin elkarrizketak egiteko ere aprobetxatzen dut denbora, hizketan… horrela joaten zaizkit orduak.
Ez da Euskal Herrira zatozen lehenengo aldia. Zer moduzko harrera sumatzen duzu hemen?
Asko gustatzen zait hona etortzea. Uste dut hau izango dela hurbildu eta egun batzuetarako geratzen ez naizen lehenengo aldia (barrez)! Hemen jendeak asko dantzatzen du kontzertuetan, batzuetan begiratu ere ez didate egiten, eta ona da hori. Primeran pasatzen dute eta niretzat ere oso dibertigarria da.
Eta esango dute euskaldunok ez daukagula erritmorik! Tira… urtebete eta ia hiru hilabete pasatu dira ‘Y.’ diskoa kaleratu zenuenetik. Zer moduzkoa da balorazioa? Ez baitira garai errazak…
Ez dira garai samurrak, egia da, baina nik ez daukat kexatzeko arrazoirik. Gure kontzertuak harrera polita edukitzen ari dira, jendeak letrak goitik behera dakizki buruz… harrituta nago. Bira lasaia izatea nahi nuen, eta halakoxea ari da izaten; lo hartu gabe, beti ere.
Hala ere, berriz agertu zaren arte urteak eman ditugu zutaz ezer gutxi jakin gabe. Zer gertatu da denbora honetan guztian?
Ba, beno, bidaiatzen ibili naiz, dena berregituratzen: bizitza pertsonala eta profesionala. Diskoa prestatzen, asko idazten, lasai, hausnartzen… oso denbora tarte atsegina izan da, egia esan.
Hain bat-batean heldu zitzaizun fama eta arrakasta asimilatzea kosta zitzaizula irakurri dut hor nonbait, eta horregatik desagertu zinela. Zure buruarekin aspertu zinela ere aitortu duzu, erdigunea izateaz nazkatu zinela.
Horregatik berregituratu dut dena. Eta askoz barre gehiago egiten dut orain, umorea berreskuratu dut; gauzak ongi eramateko garrantzitsuena, zalantzarik gabe.
Baina, hogeita piko urteko neska gazte bat, energiaz betea munduan barrena bidaiatzen, barrutik zetorkiona kantatzen, sariak barra-barra jasotzen, aretoak betetzen… Ez dakit, ez al da hau artista orok nahi lukeena?
Bai, baina hori agerian dagoena da, ikusten dena; lan honen alderdi polit eta atseginena. Badaude beste gauza batzuk, ordea; asimilatzen zailagoak. Anonimotasuna galtzea da konplikatuena, pertsonaia publiko bat izatea bizitza intimoarekin uztartzen asmatzea alegia. Egoera berrira egokitzea erraza izan daiteke prozesua pixkanakakoa denean, baina hain bat-batean…
Zer edo zer ikasiko zenuen bederen…
Bai, noski. Gainera, ondorio positiboak bakarrik gorde ditut, ez dago ezer negatiboa. Guztia berriz biziko ote nukeen galdetuko balidate, baietz esango nuke. Ez naiz ezertaz damutzen.
Zuk zure barrenak galdatzen zizun erritmoa errespetatu duzu industriarena baino gehiago, ez pentsa jokabide zabaldua denik hori.
Beno… nik ez nuke hori esango. Bakoitzak nahi duena edo ahal duena egiten du. Agian, bateren bati bere berezko edo barneko erritmoak eskatuko dio diskoetxeak agintzen dionari men egiteko. Eta hori ere zilegi da, ez dago gaizki. Batzuek, besterik gabe, askoz hobeto asimilatzen dituzte gauzak, eta gaitasun goresgarria da.
Nolanahi ere, musikaren mundutik aldenduta eman duzun denbora honetan zinemagintzan sartu duzu muturra. Zein da honek egin dizun ekarpenik handiena?
Zinema eta antzerkia nire beste eskola kontsideratzen ditut. Nire praktikak ere badira, etengabeko ikasketa prozesua. Izugarrizko zuzendari eta aktore puskekin lan egiteko zortea izan dut gainera, imajinatu… oso esperientzia aberasgarria izan da. [J. Luis Cuerdaren La Educacion de las hadas (2006) filmean ikusi genuen paper garrantzitsu batean, eta Medemen zuzendaritzapean Caotica Ana (2007) lanean].
Agian eszenatoki gainera eramango duzu kamera aurrean ikasitakoa…
Mmmm… ez, ez pentsa! Gauza desberdinak dira.
Orduan, gustatuko litzaizuke errepikatzea? Akaso izango duzu proiekturen bat…
Momentuz ez daukat proiekturik baina gogoa eta borondatea bai noski, beti. Aukerarik balego eta zer edo zer aterako balitz… Dena dela, orain diskoarekin eta haurrarekin nabil lanpetuta, eta ezin da dena aldi berean egin. Jarrai dezatela gauzek orain arte bezala, ondo doaz eta.
Eta, disko berriari dagokionean, kontaiguzu: aldarte ezberdinetan barrena eginiko bidaia dela diozu.
Bai, kantu bakoitzak egoera animiko bat islatzen du. Bidaiatzen dugunean bezalaxe, egun edo geltoki bakoitza ezberdina izaten da, berria. Batzuk lasaiak, tarteka parrandan irteten gara, iskanbila izaten dugu beste batzuetan… eta horrexegatik dira politak bidaiak.
Inspirazioa bilatzen duzun horietakoa zara, ala nahiago duzu zain egon?
Edozer gauzak inspiratzen nau, guztiak. Begiak irekitzea besterik ez dago inguruan daukagunaz jabetzeko. Bizitza bera da inspirazioa, bizitzea, bizirik egotea. Dena da inspirazio-iturri ona.
Hortaz, zure letrak aztertzeak dirudi zu ezagutzeko modurik zuzenena. Bidaia bat proposatuko dizut, zure kantuetan barrena.
Ooooo, oooo (barrez)!. Galdetu, galdetu! Baina ez dakit nahi duzun moduan erantzungo dizudan!
Adibidez, “Yo soy una montaña rusa que sube, que baja, que rie, que calla, confusa” (Gora eta behera nabil, barrez, isilik, nahasirik) diozu. Aldabera samarra zarela sumatzen dut.
Ba ez… gainera, letra nik idatzia izan arren, entzule bakoitzak bere egitea da asmoa, nork bere modura irakurtzea eta ulertzea. Izan ere, nik neuk abesti bera ez dut berdin interpretatzen egunero edo kontzertu guztietan. Horregatik, ni horrelakoa edo halakoa naizela pentsatzea baino, nahiago dut entzuleek euren buruari aplikatzea. Nik nireari aplikatuko diot (barrez)!
Bakarrik egoteko joan zinela ere abesten duzu. Bakardadea gustatzen al zaizu? Ala une bakartiak?
Asko, asko gustatzen zait nire buruarekin egotea. Iruditzen zait, gainera, oso garrantzitsua dela bakarrik egoten ikastea, hartara, bakardadea halabeharrez datorrenean askoz errazagoa izango da aurrera egitea.
Zenbat eta gehiago eutsi, erortzeko beldur handiagoa omen duzu.
Pertsona bat zenbat eta gehiago maite, orduan eta gehiago ikaratzen zaitu bera galtzearen ideiak, ala?
Dudarik gabe.
Aitari eta amari dedikatua da abesti hori.
Oraingoan ez diozu, ordea, indarkeria matxistari erreferentziarik egin. Horrek ere izutu zintuen, ezta? Emakumeen defendatzaile izendatu izanaz ari naiz.
Izendatu ninduten, bihurtu ninduten, kanpotik; eta horregatik zen zentzugabea. Bestalde, absurdua litzateke bigarrenez gai bera ekartzea. Dena dela, letra edo aipamen esplizituak ez dira ezinbestekoak ideia bat gogoan edo kontuan izateko. Abesti bat has daiteke kontu batez hitz egiten eta gero beste norabide bat hartu… pentsamenduak, hori da axola duena.
Baina arazoak bere horretan dirau eta erasotzaileak gero eta gazteagoak dira gainera. Zer ari da gertatzen?
Hori galdetzen diot nik ere neure buruari! Donostian kontzertua eman nuenean [Aste Nagusiko lehenengo larunbatean izan zen, abuztuaren 14an, Donostiako Piratek Trinitate plazan zuten La Flamenca gunean] ‘Ezetz da ezetz’ delako kanpainaren aldeko hitz batzuk esateko eskatu zidaten, eta komentatu zidaten errealitate ukaezina dela gazteen arteko indarkeria matxista hau, zenbait testuingurutan gero eta gehiago hazten ari dena gainera. Denok gara arduradun hein batean, baina ez iezadazu zergatia niri galdetu, nik ere ez baitut ulertzen.
Zerk gehiago kezkatzen zaitu bereziki?
Oraintxe bertan, egia esango badizut, alaba da nire ardura nagusia. Osasuntsu eta indartsu haz dadin nahi dut, zoriontsu bizitzea.
[Candela txikia eta amatasuna oso presente dituela nabari da, aipamenak etengabeak dira-eta elkarrizketa osoan zehar. 2004an ezagutu genuenean askoz urduriagoa eta oldarkorragoa zirudien. Biologiak apaldu omen du.]
Amatasunak zer edo zer aldatu du zure barrenean, ezta?
Noski, mesedez! Zeharo. Munduko emakume zoriontsuena naiz orain! Xaboi ponpa baten barruan bizi naizela sentitzen dut, askoz lasaiago, trankil. Egia da denbora asko lapurtzen didala, baina joango naiz errekuperatzen apurka-apurka.
Badirudi nahiko ongi antolatua duzula dena. Familia eta lana uztartzea ezinezko misioa da, ordea, emakume askorentzat.
Erritmoa jaitsi dut eta gehienez kontzertu bat ematen dut asteko, denbora ateratzeko. Bestalde, merkatua ez dago unerik onenean eta, zentzu horretan, testuinguru egokia da nik bilatzen dudan lasaitasunerako. Baina ulertzen dut nire kasua berezia dela, nire lana ere berezia delako. Gainerakoan, beti dioguna: amatasun bajei dagokionean malgutasun handiagoa behar da, onartezina da emakumeek beren lanpostua galtzea haurdun gelditzeagatik. Enpresek sentsibilitate handiagoa beharko lukete, eta emakumeok bizi dugun aldaketa prozesu hau ulertu, edo gutxienez ulertzen saiatu. Izan ere, umeak edukita emakumeon lanerako gaitasuna emendatu egiten dela sinetsita nago ni behintzat, guztiarekin adi-adi gaudelako… tira, Europako herrialde askotan aspaldi konpondutako auzia da. Oso atzeratuta gabiltza.
Aizu, erretzen al duzu?
Oraindik ez gehiegi, alabarekin nagoenean ez behintzat. Bera alboan ez badaukat, zigarro solteren bat erretzen dut, baina elikatzen dudan bitartean ezin dut. Ezin dut pozoitu!
Zer iritzi duzu leku publikoetan erretzea behin betiko debekatuko duen neurri berriari buruz?
Gai honek sutu egiten nau. Dena debekatzen ari zaizkigu! Ongi iruditzen zait, adibidez, lantokian ezin erretzea… baina aisialdi lekuetan, lokaletan! Horixe baitira, aisialdirako espazioak! Jendea libreki joaten da horietara, eta jendeak libre beharko luke bertan.
Lokal asko hutsik geratuko lirateke gainera, ezta?
Zalantzarik ez izan. Begira, espazio publikoak publikoak dira, eta bakoitzak egin dezala nahi duena bertan.
Etxea, behintzat, askatasun gotorleku dugu oraindik. Askotan, babeslekua bailitzan hitz egiten duzu zureaz. Oroitzapenak gordetzen dituzu bertan, haurtzarokoak eta, beraz, musikari loturikoak, aita eta ama folk talde bateko kide zenituen eta.
Bai, beren zaletasunik handiena zen eta beti hezi gintuzten musikaren bitartez. Musika jartzen ziguten etengabean.
Hain etxezuloa izanik, zer moduz daramazu biran irten beharra?
Egia da etxean baretasuna, intimitatea, isiltasuna eta kontzentrazioa topatzen ditudala, baina nire etxea gustatzen zait, baita ere, bertara itzuli ahal izateko. Etxearen falta sumatzeko alegia. Ona da irtetea!
Iraganera itzulita, nola ikusten duzu orain, distantziatik, koru batean abestetik Madrilera ausartu zen neskatila hura?
Asko gustatzen zait atzera begiratzea eta gogoratzea. Polita da. Egia esan, batzuetan, orduko egoera eta oraingoa alderatzen ditudanean barregura sartzen zait. Ezin naiz kexatu, oso zorionekoa naiz.
Eta nola dabil orain musikaren sektorea zeurean, Extremaduran? Euskal Herrira indartsu iritsi ziren Extremoduro-koak adibidez, eta zu zeu ere bai. Baina, gainerakoan, ez pentsa…
Ez, ez da entzungo, baina badago mugimendua. Ba hemen, Euskal Herrian bezala. Bakar batzuek lortzen dute nabarmentzea, eta gainerakoak zirkuitu txikiagotan mugitzen dira. Noiz edo noiz eskatu izan didate kolaborazioren bat hangoek, eta gustura egin dut.
[Azentu alaia eta grazia Extremadura aldekoak ditu baita ere. Atsegina eta erosoa da berarekin solas egitea, konfiantza eskuzabal oparitzen du uneoro, eta beretar sentiarazten zaitu; eskertzeko dohaina, dudarik gabe, artista mundu honetan].
Gertutasuna helarazi izan duzu beti, oso kalekoa dirudizu.
Jakina, kaleko artista naiz eta!
Esan nahi dut ez zatozela inondik inora bat zuk baino arrakasta apalagoa duten beste artista askok hartzen duten izar kutsuarekin. Itxuraz behintzat, gehiago hurbiltzen zara eremu independentera. Benetakoa zara, ala zutaz proiektatu nahi den irudia da hori, marketing hutsa azken finean?
Ni horrelakoa naiz, nire benetako izaera da, eta egun txarra dudanean zakar hutsa izan naiteke, horrelakoa ere banaizelako. Halakoetan jendea, zaleak mindu eta kexatu egiten zaizkit. Nahastu egiten dute gertutasuna eta adiskidetasuna, pertsona hurbila izateagatik ez dut zertan mundu guztiaren laguna izan behar! Gainera, jendeak horretarako bidea eta konfiantza ematen didanean bakarrik irekitzen naiz.
Industriak korronte independente horiek ere fagozitatu edo irentsi nahi ditu, bere egin eta hauekin aberastu. Horregatik, lantzean behin, rasta batzuk jarrita artistaren bat aurkezten du profil horretakoa. Baina ez dira sinesgarriak.
Niri horrek bost, ez diot nire buruari sekula galdetu sinesgarria ote naizen ala ez. Ez dut zertan ezer demostratzen ibili behar, jendeak bereizten jakin behar du. Onena: nor den bezalakoa izan dadila une bakoitzean. Eta kitto.
Diskoarekin batera dakarzun estetika berria ere zure-zurea al da? Hain belarritako eta lepoko handiak…
Bai, bai. Dena nirea da. Asko gustatzen zait, oso dibertigarria da aldatzen ibiltzea, eta gainera, joko handia ematen didate eszenatoki gainean. Ume nintzeneko garaiak datozkit burura: amaren armairua zabaldu eta, eraztun bat probatu edo soineko bat jantzi, dena hankaz gora uzten nion (barrez)!
Askok egin dugu hori, nik ere amaren zapatak janzten nituen, handi-handi!
Ba horrelaxe nabil ni oraindik… (barrez).
Beno Bebe, bukatze aldera: zure bira aurrera doa. Azaroan banatuko diren Grammy Latinoetarako, behintzat, baduzu album onenerako izendapena, baina Pafuera telarañas lanarekin lortutakoa mantentzeak ezinezkoa dirudi. Presiorik?
Lasai egon nahi dut eta ahal den neurrian mantendu. Ez dut beste Pafuera telarañas bat egin nahi, dena askoz ere neurrizkoagoa eta logikoagoa izatea gustatuko litzaidake. Beste edozein pertsonak bezalaxe, nire lana egin eta horrekin kontent egon, beteta. Eta gustatzen zaizkidan beste gauzatxo batzuk ere egin nahi nituzke, ez dadila berriz hainbeste denbora pasatu zinemara itzuli arte, adibidez.