Be Real, filtrorik gabeko bizitza bultzatzen duen sare soziala
Instagramen alternatiba bezala sortu da.
Instagram edo TikTok erabiliko al zenituzke hauek argazkiei filtrorik eransten utziko ez balizuete? Erabiliko al zenituzke, ez balizute, zuk nahi duzunean, edukia igotzen utziko? Be Real-en ez dago filtrorik eta ezin da nahi adina eta nahi denean edukirik igo. Sare sozial honek benekotasuna bilatzen du eta Z belaunaldiaren artean arrakasta du.
Argi dago sare sozialek harremanak izateko modua aldatu dutela, baita gure burua hautemateko dugun modua ere. Orain, jada barneratua dugu inor ez dela argazkian ateratzen den bezalakoa. Iaz kosmetiko marka batek burututako ikerketa baten arabera, nerabeen %23k ez dituzte argazkietan euren buruak ondo ikusten, ez behintzat editatzen ez badituzte, eta horietako askok atsekabea sentitzen dute bizitza errealean Instagramen duten itxura ez edukitzegatik. Frustrazioa filtroak esaten digun bezalakoa ez izateagatik, herstura gure feed-ean agertzen direnen egunerokotasun kitzikagarria ez izateagatik. Psikologoek ohartarazten dute sentimendu horiek sekula baino ohikoagoak direla 10-17 urteko bitarteko gazteen artean. Testuinguru hau kontuan hartuta sortu da Be Real.
Ikerketak mahaigaineratu duenez, pertsonen %42k hamar minutu baino gehiago inbertitzen ditu sareetara igoko duen argazkia prestatzen (eta batez beste eguneko zazpi selfie ateratzen ditu). Bada, Be Real sare sozialak bi minutu baino ez ditu eskaintzen argazkia prestatzeko (aurreko eta atzeko kamara aktibatzen da, bi argazkiak batera ateraz). Hori ez da arau bakarra, ordea, kontaktu guztiek edukia aldi berean eta zuzenean partekatzen dute. Hau da, zure lagunek eta jarraitzaileek, benetan, momentu horretan egiten ari zarena ikusiko dute.
Funtzionamendua erraza da: Be Real sare sozialak ez du modu konstantean eta erabiltzaileak nahi duenean edukia igotzen uzten, baizik eta momentu konkretuetan. Egunero, aplikazioak jakinarazpen bat igortzen du, momentu horretatik aurrera erabiltzaileak bi minutu ditu argazkia egiteko. Denbora hori igaro ondoren ezin da argazki gehiagorik atera, baina iruzkinak egin daitezke. Hori bai, argazkia egiteko jakinarazpena eguneko edozein momentutan iritsi daiteke, zauden lekuan zaudela. Horrek adikzioa sorrarazten du aplikazioarekiko eta aldi berean benekotasuna helarazten du: sofan bazaude edo lanean, ezingo duzu festa batean ederki pasatzen ari zaren plantak egin edota alderantziz. Argazkiak partekatzerakoan non ateratakoak diren esan dezakezu ala ez, hautazkoa da. Bestalde, modu pribatuan ala publikoan argitaratzeko aukera ere badakar.
Instagrameko storie-ekin gertatzen den moduan, Be Real aplikazioko edukiak iragankorrak dira eta 24 orduren buruan desagertu egiten dira. Alabaina, momentu oro bideo eta argazkiak igotzea onartzen ez denez, behin zure lagunek igo dutena ikusten amaitu ondoren, jada ez duzu ezer gehiago egiteko bertan, eta horregatik ez du horrenbesteko dependentziarik sortzen, ez baitago etengabeko estimulaziorik.
Plataforma 2020an jaio bazen ere, orain ari da emaitzak jasotzen. 2022ko lehenengo hiruhilekoan aplikazioak hiru milioi deskargako langa gainditu zuen mundu osoan. Bere publikoa oso gaztea da.
Argazkiak egiterakoan horrenbeste murrizketak daudenez, plataformak ziurtatzen du bertako edukia dibertigarriagoa eta egiazkoagoa dela, filtroen beharrik gabe. Oraindik ikusteko dago postureoaren garaian horrelako proposamen batek iraupenik izango duen, baina argi dagoena da gazteen artean joera bihurtzen ari dela.
