Bazterketa musikarekin ezabatzen da
Ezagutzen duzue Easo abesbatzak eta Emausek elkarlanean martxan duten proiektu harrigarria?
Bizitzan hondoa jo duzunean, zaila izaten da aurrera jarraitzeko eta gizartera bueltatzeko bidea aurkitzea. Musika izan daiteke bide horietako bat. Hain zuzen, Donostiako Musika Hamabostaldiak bultzatutako proiektu batek hori bilatzen du; musika aitzaki, bide berriak eraiki eta bazterketa soziala alboratzea.
Proiektuaren protagonistak Easo abesbatzako abeslari gazteak eta Emausek duen gizarteratzeko programaren parte hartzaileak dira. Lehen begiratuan, mundu zeharo ezberdinetatik datoz, baina musikak bildu ditu udara honetan; denen artean bi haur opera prestatuko dituzte, abuztuaren 21ean estreinatuko direnak.
Eta nola ari dira elkarrekin lanean? Easoko abeslariek beraiek antolatu eta zuzendu dituzte opera emanaldiak. Abesbatzako zuzendari Gorka Mirandak atrezzo eta bestelako elementuak material birziklatuarekin egiteko ideia izan zuen, eta hala jarri zen kontaktuan Emaus Fundazioarekin; han ezagutu zituzten Muntoko egoitzako erabiltzaileak, eta pentsatu zuten, zergatik ez elkarrekin kolaboratu?
Hala, abuztuak 21 R. Calmel-en Itsasoaren kantuak eta G.P. Telemann-en Eskolamaisua lanen antzezpena egingo dute, birziklatutako materialekin eta irudipenari eraginez. Galduko duzu?