Basoka jaialdia basotik anfiteatrora
Gure inguruko eta nazioarteko artista bikainez gozatzeko aukera egongo da Miramongo anfiteatroan. Sara Zozaya, Elena Setien eta Joseba Irazoki, Joe Wilkes, El Largo Adios, Charliy eta Amateur eta RO-E-k hartuko dute parte jaialdian.
Irailaren 5ean ospatuko da Miramongo anfiteatroan Basoka jaialdia. Seigarren edizioa da honakoa eta lehen aldiz izango du jaialdi autonomoaren izaera. Covid-19tik babesteko beharrezko neurriak hartuz, lehengo aldiz Miramongo basoan beharrean bertan dagoen anfiteatro ezagunean ospatuko da, jatorrizko kokapenetik oso gertu.
Basoka 2015ean herritarren partaidetzarekin Olatu Talka jaialdiaren programazioaren barruan sortu zen. Antolatzaileen esanetan hasiera hasieratik jaialdiko jarduerarik preziatuenetako bat bihurtu zen. Bost ediziotan zehar musika akustikoan eskaini izan du indie folk soinuen zale diren guztientzat.
Olatu Talka jaialdiaren hamargarren eta azken edizioaren ondoren, Donostia Kulturak Basoka DKluba musika zirkuituan barneratu zuten berezko izaera duen jaialdia bihurtzearen aldeko apustua eginez.
Jaialdia munduko jaialdirik txikiena izateko helburuz jaio zen. Antolatzaileen ustez kontzertu eta jaialdi handiak musika mota batzuk esperimentatzeko ingurune egokiena izatetik oso urrun daudela iruditzen baitzaiei. Jaialdi honek ikusleen, inguruaren eta artisten arteko harreman estua bultzatu nahi du, lagunen artean abesteko jaialdia bihurtuz.
Jaialdia doakoa izango da eta arratsaldeko 16:30etan hasi eta 21:30etan amaituko da.
Sara Zozaya, Elena Setien & Joseba Irazoki, Charly eta Amateurren tokiko proposamenez gozatzeko aukera izango dugu, eta, horiez gain, Joe Wilkes britainiarra, El Largo Adiós hirukote gaztelar-frantziarra eta Marta Reguera bilbotarra buru duten RO-E suediarrek ere bisitatuko dute jaialdia.
Iraupen laburreko zazpi kontzertu izango dira. Honakoak dira aurreikusitako ordutegiak:
16:30 Charly
17:00 El largo Adios
17:45 Sara Zozaya
18:30 Amateur
19:15 Elena Setíén & Joseba Irazoki
20:00 Joe Wilkes
20:45 RO-E
Kontzertuak aire zabalean izango dira, esparru mugatu batean, sarrera kontrolatuarekin eta 600 laguneko edukiera mugatua izango du, kopuru bikoitza baino gehiago har dezakeen espazioa bada ere.