BasHerri talde berria sortu dute Donostiako Gros auzoan
Dagoeneko 40 talde baino gehiago daude Gipuzkoako herrietan, eta Donostialdean ere hamaika sortu dituzte. Helburua baserritarren bizi-iraupena bermatzea da, eta baita kalitatezko elikagaiak ziurtatzea ere. Groseko talde berriak ostegun honetan, apirilak 26, egingo du aurkezpena, arratsaldeko 18:30ean, Kortxoenea Gaztetxean, eta pixkanaka adostuko dute otarraren edukia eta hileroko kuota.
Euskal Herrian baserritarrak desagertzen ari dira pixkanaka, eta gure elikadura agroenpresa multinazional handiek kontrolatzen dute. Beren interes ekonomikoen araberako janariak kontsumitzen ditugu, eta prezioen gaineko boterea ere beraiena denez, herritarrek elikaduraren burujabetasuna galdu dutelako sentsazioa geroz eta gehiago zabaldu da gizartean.
Horri aurre egiteko asmoz sortu dira BasHerri taldeak. Funtsean, inguruko baserritar bat eta berak ekoitzitako elikagaiak erosteko interesa duten bizilagun talde baten artean sortutako elkarkidetza da. Tarteka bi aldeen arteko bilerak egiten dira, eta besteak beste, baratzeko gorabeharak komentatzeko baliatzen dituzte.
Bestetik, baserritarrak prestatutako otarrea toki eta ordu jakin batean eramaten die baserritarrak berak taldeko kideei, garaiko barazki, fruta, arrautza, gazta, ogi, mermelada eta dena delako produktuz betea. Kuotak eta banaketa denen artean adostuko dute hasieratik, eta aldaketak egin ahala, moldatzen joaten dira.
Donostialdeko taldeak
Antiguotarrak I eta II, Aldatsa Baratza, Aitzbitarte eta Azabaratza, Uzataro, Usurbiltzen, Guardaplata, Bare Alaia, Amarako taldea, Egiako taldea eta beste hainbat.
Orotara, 600 herritar eta 60 baserritar baino gehiagok parte hartzen dute Gipuzkoan dauden taldeetan.
Baratze kooperatiboak
GAZTEZULOren apirileko alean baratze kooperatiboen inguruan aritu ginen. Besteak beste, Deustuko Baratza Taldea eta Elsarekin (ez du abizena aipatzerik nahi) izan ginen. Hemen artikulu osoa.