'Baserri ta Rock' jaialdia Ordizian bihar
Blues musikaren oihartzunez jantziko dute Oainguko parkea Starblues taldeak eta Pettik & Etxeko Uztak.
Osasun larrialdiaren garai hauetan Ordiziarrock kolektiboak musika ekimenak antolatzen jarraitu du eta, 2019an egin legez, Baserri Ta rock egitasmoarekin datoz bueltan. Blues musikaren iturritik edaten duten bi talde izango dira: Starblues eta Petti & Etxeko Uzta. Bihar, hilak 4, izango da musika emanaldia Ordiziako Oianguko parkean, 20:00etan.
Emanaldirako sarrerak salgai daude sarean. Egoera dela eta, jendea mahaietan eta partzeletan banatuko dute. Hortaz, lau laguneko mahaiak, biko mahaiak eta partzelak daude salgai. Partzelak belarretan markatuta egongo diren laukiak izango dira. Gainera, jateko eta edateko aukera izango da.
Starblues Goierrin 2010.urte aldera sortutako taldea da, bereziki blues eta rock doinuak uztartzen dituena. Euren kantu propioez gain, moldaketak ere jo ohi dituzte. Iaz Hitz Gatibuak diskoa kaleratu zuten. Jon Barreros, Jon Labayen, Mikel Atxega eta Fermin Etxeberria dira taldekideak.
Musikan aski ezaguna dugu Petti beratarra. Bakarka zein banda formatuan aritzen da Etxeko Uztarekin batera. Egun 2020an argitaratutako Manipulazio estrategiak diskoa aurkezten dabil. Herrikide eta lagun diren Igor Telletxea, Iñigo Telletxea eta Joseba Irazoki izango dira agertokian Pettirekin batera.