Bartzelonan, berdintasuna sustatzeko, kaleen izenak feminista bihurtu dituzte

Argi dago, gizarte justuago bat baldin bada gure helburua, gizon eta emakumeen berdintasunaren alde egon beharra dugula. Bartzelonan (Katalunia), ordea, batzuk ohartu dira euren kaleen izenek ez dutela horrelakorik islatzen.

Bartzelonako kaleen %10ek soilik dituzte izen femeninoak. Errealitate hau ikusarazteko Anna Roura artista bisualak, berak sortutako Can Totes kolektiboaren bitartez, martxoaren 8ko astean ekimen bat jarri zuen martxan Plaça del Sol-en. Bertan, auzoko bizilagunak gonbidatu zituen hiriko kaleetan egon behar luketen emakumeen izenak proposatzera. Gonbidapena, modu tradizionalean, bizilagunei buzoian eskutitz bat utziz zuen. 

Aldi berean, cantotes.com webgunea diseinatu zuen bertan nahi zuenak iradokizuna utzi zitzan. Iradokizunak egiteko gomendio bakarra udalak exijitzen dituen baldintzak betetzea izan zen: pertsonaren heriotzatik gutxienez bost urte pasa izana; eta bizirik baldin badaude, hiriak esleitzen duen urrezko domina, eskuratua izatea.

Trotula de Salerno, historiako lehen emakumezko ginekologoa; Susan Sontag, eleberrigile eta saio-idazle estatubatuarra; Joana Biarnes, lehen kazetari argazkigile kataluniar emakumezkoa; Jane Jacobs, giza urbanismoaren teorialari eta aktibista estatubatuarra eta Agatha Christie, britainiar idazlea dira bildu diren izen zerrenda luzeetako emakume batzuk. 

Artistak, ekintza lokal hau abiapuntutzat du, eta uste du beste auzo eta hirietara ere zabaldu litekeela. Ez dakizkit zifra zehatzak, baina ziur nago Bartzelonan gertatzen dena beste herri eta hirietako kaleetan ere gertatzen dela.