'Pikuak' webseriea nahieran ikusgai!
Adi! Maddi Castrok zuzendutako Pikuak webseriea ikusgai izango duzu EITBko nahieran zerbitzuan ekainaren 14tik aurrera; gainera, websaila Italiako eta Galiziako jaialdi banatan hautatua izan da, sail ofizialetarako lehian, Pugliako Apulia Web Festen eta Covidaren ondorioz udazkenera atzeratu den Carballo Interplay jaialdian.
BARATZEKO PIKUAK HIRU TXORTEN DITU… eta hiru txorten ditu ere Maddi Castrok Durangoko Azokan aurkeztu zuen ‘Pikuak’ webserieak. Hirutasuna nonahi sumatu daiteke; hiru emakume dira hiru ataleko istorio honetako protagonistak, eta emakumeak dira ere proiektu hau gauzatzeko arduradunak. Laguntasuna eta ahizpatasunari omenaldia egiten dion kontaketa garaikide eta askea da, galdera batetik abiatuta; Pornoak zer nolako eragina du gure egunerokotasunean?
Jarraian, abenduko GAZTEZULO aldizkarian argitaratu genuen elkarrizketa topatuko duzu; hona webserie honen protagonistak!
Estreinaldirako aste gutxi batzuk falta direla bildu gara Pikuak webserieko egileekin; Maddi Castro kazetariak idatzi eta zuzendu du proiektua, Jone Novo (Bufalo Produkzioak) eta Nagore Elkororekin. Castrorekin batera, protagonistetako bi elkartu dira gurekin; Amaia Ruiz de Galarreta eta Miren Nogales. Ainhoa Artetxe aktoreak osatzen du pantaila aurreko hirukotea. Maiatzean amaitu zituzten post-produkzio lanak, eta 2deo laborategian aurkezpen txiki bat egin ondoren, abenduaren 7an Irudienean estreinatu dute, Durangoko Azokan. Horrekin batera, bigarren aurkezpen bat egingo dute abenduaren 18an Tabakaleran.
‘Pikuak’ webseriea estreinatzera zoazte; urduri zaudete?
Maddi Castro. Zertxobait baietz esango nuke! Gogoak ditut jakiteko nola hartuko duten ikusleek gure proposamena, ea identifikaturik sentitzen diren, estetikoki erakargarria iruditzen zaien… bideoklip estiloko webseriea denez asko zaindu dugu estetika; mozketak egin dizkiogu, euskal musika taldeen kantu pila sartu ditugu, Whatsapp mezuak nonahi agertzen dira audio zein bineta moduan eta sakonean generoarekin lotutako gaia agertzen da, giza harremanen eta sexuaren inguruan ditugun aurreiritziak azaleratzen dituena. Ea nola hartzen duten…
Miren Nogales. Sekulako gogoak dauzkat, bai ikusteko zein jendearen iritzia ezagutzeko. Guri asko gustatu zaigu, eta proiektu hau gauzatzen bizi izan dugun askatasuna gazteei transmititzea nahiko nuke; beldur pixka bat ere badaukat, sozialki beharbada talka egingo duten elementuak daudelako…
Amaia Ruiz de Galarreta. Niri gidoia irakurri eta berehala asko gustatu zitzaidan proiektua, eta puntu honetara iritsita ezinezkoa zait objektibotasunez hartzea, guztiz inplikatu garelako. Nahiko nuke jendeari gustatzea eta batez ere ekarpenen bat egitea.
Hiru nesken laguntasuna kontatzen du serieak; zergatik hiru?
M.C. Dena dira hirukiak, hiru neska, hiru piku, hiru atal… Baratzeko pikuak kantua inspirazio hartuta landu dugu hirutasun hori. Lantaldean ere, hiru hankako aulki baten moduan ibili gara; ni zuzendari lanetan ibili naiz, baina proiektu honetan ezinbestekoak izan dira Jone Novo errealizatzaile eta muntatzailea eta Nagore Elkoro ekoizlea.
Emakumeen harremantzeko moduez eta pornoarekin duten loturaz mintzo da ‘Pikuak’; nola jaio zen seriea gauzatzeko ideia?
M.C. Ez dakit nola piztu zitzaidan gogoa, baina banuen aspalditik ideia bat buruan bueltaka; zergatik daukat sentsazioa nire kintako mutilek kontsumitu dutela hainbeste porno, eta zergatik nik ez, zergatik ez nau deitzen, zergatik egiten zait horren arrotza, interesik gabekoa? Inguruan galdetzen hasi nintzen, gaiaz irakurtzen, eta pornoaren munduan aniztasun handia dagoela ikusi arren konturatu nintzen gizonezkoen artean askoz gehiago kontsumitzen dela eta oso goiz hasten direla pornoa ikusten, modu mekanikoan. Ikusten dutena gainera oso antzekoa da; gehienetan emakumeak penetrazio objektu dira besterik gabe, zulo bat. Glaukomaren Gure kaiola kantua buruan bueltaka izan nuen orduan, “Pornografia izan da gure heziketa sexuala..”. Aldiz, emakumeak zalantzati dabiltza pornoarekin; batzuek ikusten dute egunerokoan, beste batzuek ez, beste hainbat saiatzen dira beste eredu batzuk topatzen... Emakumeok galduago gaude pornoarekin. Eta egia da gaia asko zabaldu dela, baina merkatuak mutilak bideratu ditu porno heteronormatiboa kontsumitzera... Hausnarketa hauek erabili ditut istorioaren abiapuntu moduan, baina ez dugu pornoaren inguruko hausnarketa sakona egiteko helbururik izan, horretarako beste eragile batzuk badaudelako, soilik eztabaida hori aireratu nahi izan dugu.
Hiru emakume gazte eta euskaldun, Donostian pisua elkarbanatzen:
M.C. Hori da, baina ez dira donostiarrak. Argi neukan euskara batua baino nahiago nuela euskalki ezberdinekin jolastu, eta horregatik aukeratu nituen Donostiakoak ez diren hiru aktore; Amaia tolosarra da, Miren zestoarra eta Maddi bilbotarra.
Ahizpatasun edota sororitate istorioa ere bada, ezta?
M.C. Bai, hori da webseriaren bilakaeran dagoen haria. Oso garbi neukan emakume gazteak izango zirela istorioaren ardatza, faltan sumatzen ditudalako nire adineko emakume protagonistak fikzioan, eta bereziki euskal ekoizpenetan. Ilusioa egin dit gure alteritatean bizi daitezkeen neskei ahotsa ematea, eta batez ere, laguntasunaren eta emakumeok saretzen ditugun harremanen inguruko kontakizuna egitea. Horregatik, seriean oso garrantzitsua da hiru nesken arteko konplizitatea, ezberdinak izanda ere daukaten giro ona, nola jotzen dieten elkarri adarra, nola egiten dieten aurre egoera matxistei, familian bertan topatu daitezkeen errealitate horiei… Zailtasunen aurrean aliantzak sortzeko gai dira, ez dute elkar epaitzen.
M.N. Egia da istorio gehienetan gizonak direla kontaketaren ardatza, eta emakumeok kontaketa borobiltzeko bigarren mailako pertsonaiak izan ohi garela. Horregatik asko gustatu zitzaidan istorio hau; seriean hiru nesketatik inork ez dugu bikoterik, eta gure bizitzan gurutzatzen zaizkigun gizonak ez dira gure errealitateen ardatz. Ez da Disney istorio bat, gure adineko neskek bizi dituzten errealitateak kontatzen ditugu naturaltasunez. Nahi dugunekin liatzeko aske garela aldarrikatzen dugu, ez dugu elkar epaitzen… oso libreak diren hiru neska gorpuzten ditugu.
A.R.G. Eta gero kontutan izan behar da ekipo gehiena emakumezkoa izan dela; horrek garrantzi handia du. Ikus-entzunezkoetan emakumeen presentzia handiagoa nahi badugu ezinbestekoa da istorioa kontatzen ari direnak ere emakumeak izatea. Kasu honetan Maddik oso argi zuen hasieratik transmititu nahi zuena, eta asko gustatu zait ez duela beti irudikatu ohi den emakumeen arteko lehiakortasunik adierazi, gure arteko harremanetan ez direla inbidiak eta norgehiagokak islatu. Horren ordez beste ikuspuntu bat landu du, eta pornoaren inguruan planteatzen diren ideiak ere interesgarriak dira...
Aktoreok nola hartu zenuten serieak planteatzen duen pornoaren inguruko ideia hori?
A.R.G. Niri asko gustatu zitzaidan hasieran irakurri nuenean! Are gehiago, oraindik eta sakonago landuko nuke kontzeptua…
M.N. Hasieran talka egin zidan kontuak, batez ere aurretik gaiaren inguruan halako naturaltasunarekin hitz egin gabea nintzelako. Baina seriearekin aurrera egin hala asko gustatu zait; oso libre sentitu gara grabaketan, eta nik uste hori transmitituko duela serieak.
Erreferentziarik edo inspirazio iturririk izan al du istorioak?
M.C. Hainbat izan dira; hasieratik egon zen Loulou webserie frantsesa. Ondoren, beste hainbat telesailek ere inspiratu naute; Derry Girls-en umorea izugarri gustatu zitzaidan, Young & Promising ere ikusi nuen, Leticia Doleraren Vida Perfecta… dena den Pikuak-eko protagonistak hamarkada bat gazteagoak dira, eta gehiago daude mundua aldatzeko desiratzen umeak eta hipotekak buruan bueltaka baino. Azkenik, Jone Novok eta biok askotan aipatu izan dugu Kanadako lesbiana komunitate bat erretratatzen duen Feminin/Feminin webseriea, oso interesgarria.
Zuzendari lanetan lehen aldia izan da zuretzat Maddi, nolako esperientzia izan da?
M.C. Laguntza handia jaso dut alde guztietatik, eta oso esperientzia polita izan da, nahiz eta oso gogor lan egin behar izan dugun proiektua aurrera ateratzeko. Adibidez, kasting-a egiterakoan aurretik inolako esperientziarik izan gabea nintzen, eta oso polita izan zen, jolas baten modukoa. Aktoreekin sekulako konexioa lortu genuen hasieratik, eta bakoitzak bere pertsonaia lantzen lagundu dit; hiru neska nituen buruan, baina aktoreekin lan egiten hastean istorioa aberastu eta zentzua eman dioten moldaketak egiten joan ginen. Nire ideia lagunen arteko konplizitate horri eta elkar zaintzeko dugun gaitasunari omenaldi txiki bat egitea zen, nire bizitzako hainbat uneetan oso garrantzitsua izan delako lagunekin konpartitzea gertatzen zitzaidana, eta sexua bera ere. Hortik aurrera, denek asko lagundu didate, eta askotan aktoreek euren burua zuzendu behar izan dute, errekurtso eta esperientzia faltagatik denera iristea zaila izan delako.
A.R.G. Maddik oso argi zuen hasieratik nahi zuena, ideia, estiloa… baina noski, halako proiektu txikiek jende eta errekurtso gutxi dituzte, faboreetatik tira egin behar da, eta ezin da denean egon. Denok inplikatu gara asko aurrera atera zedin.
M.N. Bere lehen aldia izateko oso argi izan du Maddik zer egin nahi zuen, bai. Eta asko lagundu du hasieratik nola batu garen denok, eta nola elkar lagundu dugun.
M.C. Eta ezin ahaztu nola lagundu digun adibidez Ramon Agirre aktoreak; bere esperientziak ikaragarri lagundu dit hasieran kontatu nahi nuen hori fintzen.
Proiektua aurrera eramateko zailtasunak aipatu dituzue, zeintzuk izan dira?
M.N. Diru laguntzak ematen dituzte halako proiektuak aurrera ateratzeko, baina proiektuak berak dituen behar guztiak kontutan hartu gabe. Horregatik, halakoak aurrera ateratzea ezinezkoa litzateke jendearen borondate onik gabe; fabore kateak funtzionatu ezean eta denok azala utzi izan ez bagenu ez zen aurrera aterako. Iruditzen zait laguntzak ematen dituztela benetan behar dena begiratu gabe; logikoena litzateke lehenik behar guztien zerrenda egitea, eta ondoren horren arabera zehaztea diru kopurua.
A.R.G. Hori da, gehienetan diru kantitate bat eskatzen dute proiektuaren beharrak kontutan izan gabe. Kasu honetan proiektua asko gustatzen zitzaidalako aurrera egitea erabaki nuen, baina horrela lan egitea ez da batere duina. Aktoreok eta orokorrean ikus-entzunen munduan lan egiten dugunok baloratu behar dugu pertsonalki eta profesionalki zer ekarpen egiten dizkiguten halako proiektuek, eta gure lan eskubideengatik borrokatu behar dugu, ilusioagatik bakarrik ezin dugulako bizi; eta denari baietz esaten badiogu gure teilatuari harriak botatzen ibiliko gara. Kasu honetan, dena eman dugu, oso ondo eraman gara eta hasieratik konexio handia izan dugu; hala izan ez balitz, proiektua ez litzateke aurrera aterako.