Balendin Enbeita lehiaketara bertsopaperak bidaltzeko epea zabalik
Irailaren 30era arte parte har daiteke ALBEk antolatzen duen bertsopaper lehiaketan. Hiruna sari izango dira helduen eta gaztetxoen kategorietan.
Algortako ALBE bertsolari-eskolak XIV. Balendin Enbeita lehiaketa antolatu du eta bertso-sortak irailaren 30era arte bidali ahal izango dira. Edozein bertso-jartzailek har dezake parte eta adinaren arabera bi atal bereizi dituzte: 18 urte edo gehiagokoak eta 17 urtera arteko gazteak.
Bertso guztiek berriak izan behar dute, hau da, beste inon saritu edo argitaratu gabeak. Gaia, doinua eta neurria libreak izango dira. Helduek gutxienez 8 bertso egin beharko dituzte eta gehienez 12, eta gazteek gutxienez 6 bertso eta gehienez 10. Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste bertso-sorta aurkez dezake.
Kategoria bakoitzean hiru sari banatuko dituzte. Helduentzako sari nagusia txapela, 1.000€ eta garaikurra izango da, eta gazteentzat txapela, 300€ eta garaikurra.
Bertsoak posta arruntez zein posta elektronikoz bidal daitezke. Bertso-sorta eta datu pertsonalen dokumentuak bereizita bidali behar dira, bertsoen egilea nor den ez jakiteko. Posta elektroniko honetara helarazi behar dira lanak: balendinenbeita@gmail.com.
ALBEk izendatutako epaimahaiak aukeratuko ditu irabazleak, eta urte amaierako ALBE Galan banatuko dira sariak.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.