Baita komikiak ere
Euskarazko komiki gutxi egiten dira. Lerrootan, oraintsu kaleratutako bi komiki liburuen berri emango dizuegu: "Pololoak 1. Poxpolinen lurriña" eta "Jony eta lagunak".
Poxpoliñen lurriña
Liburuko protagonista nagusia Xabinaitor da, super-heroi euskalduna. Gaur egun, hankatarteko trastea etengabe zutituta bizi da, baina garai batean ez zitzaion inolaz ere tentetzen. Beste arazo larri bat ere bazuen: euskal gaiak gorroto zituen. Aita jeltzalea zuen, eta Sabino izena jarri zioten, baina berak Xabi nahiago zuen, izenaz lotsatuta. Xabinaitorren helburua, poxpolinak salbatzea da, eta ahalegin horretan Kariñerekin topo egingo du.
Patxi Gallego 31 urteko irakasle errenteriarraren lehen liburua da honakoa, eta nobela grafikoa da: irudiz hornitutako narrazioa. Marraztea terapeutikoa da niretzat. Gainera, gaur egun ia ez da komikirik euskaraz argitaratzen. Nik nire ekarpentxoa egin dut, eta pozik nago, esan digu Gallegok.
Jony eta lagunak
Euskal Herriko edozein herritako koadrila da liburu honetako protagonista. Jony eta bere lagunek Estitxu, Txuko, Patxi, Poli , eta Jonyren aitonak hamaika gertaera kontatzen dizkigute liburuan. Umorea eta kritika uztartu ditu egileak: kapitalismoa, txikiteoa, hauteskundeak, politika, maitasuna...
Jon Suinaga 37 urteko marrazkilari bergararrak egin du liburua. Euskaraz eta gaztelaniaz eskura daiteke liburu dendetan. "Ez nuen liburua egiteko asmorik. Afizio hutsez marrazten dut. Istorioak sortzen joan nintzen, eta liburua argitaratzeko adina material nuela ikusita, liburua egitea bururatu zitzaidan". Etorkizunean, Jonek koadrila bitxi honen abenturak marrazten jarraitzeko asmoa du.