Badon* opera garaikidea izango da 23. Korrikaren ekitaldi kultural nagusia

Egitasmoa Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Bekaren irabazlea izan zen eta azarotik aurrera ikusi ahal izango da.

AEK-k Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako I. Beka jarri zuen abian hurrengo edizioan kultur lan baten ekoizpena egiteko, Korrika Kulturalaren gerizpean. Bada, AEK-k jakinarazi berri du zein izango den kultur lan hori: Badon* izeneko opera garaikidea. Ines Osinaga obraren sustatzaileak azaldu duenez, "hausnarketa-ikerketa-sorkuntza prozesu kolektibo eta kolektibizatu" baten emaitza da, "sinergiak eta diziplina arteko zubiak eraikiko dituena". "Interesatzen zaiguna da opera egitura hackeagarria bezala dela, etorkizun desiragarri bateko opera posdramatiko bat. Baliabide bisualak (argia, bideoa), zuzeneko musika (organikoa eta elektroakustikoa) eta mugimendua, literatura eta bertsoak ere izango ditugu Badon* unibertsoa sortzeko", adierazi du musikariak.

Ane Elordi Korrika koordinatzailearen hitzetan, "Korrikak euskal kulturaren sustapena ere badu helburu, betiere euskararen berreskurapena eta normalizazioa lortzeko asmoz. Ekimen honi esker, AEK-k kalitate handiko kultur eskaintza egin ahal izango dio Euskal Herriari, euskal kulturaren adierazpideak bazter guztietara eramanez".

Badon* opera garaikidea azarotik aurrera ikusi ahal izango da Euskal Herri osoan, 23. Korrika aurkeztu eta gutxira.

Korrika-AEK Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko epea zabalik
Kultur Sorkuntzarako II. Bekarako lanak aurkezteko deialdia ere ireki dute eta bertan parte hartzeko dokumentazioa urriaren 31rako aurkeztu beharko da. Euskal sortzaile orori zuzendua dago, diziplina bakarrekoa edo anitzekoa izan daiteke kultur-lana, eta agertoki edo plaza batean aurkezteko modukoa izan behar du.

Beka 23.000 eurokoa izango da, eta 24. Korrika Kulturaleko egitarauaren barruan aurkeztuko da, 2025eko azarotik 2026ko apirilera. Bekaren inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke.