Badator Aitzealdenk! Zuzenean 02 jaialdia

Apirilean egin zuten lehenengoa, eta karrerilla hartuta, urte bete baino lehenago egingo dute bigarrena. Urriaren 19an eta 20an, ostirala eta larunbata, Aitzealdenk! Zuzenean 02 jaialdia antolatuko du Azpeitiko Sanagustin kulturguneak, eta Euskal Herriko sei talde esanguratsu ariko dria taula gainetik. Azpimarratzekoa, Ama Say bizkaitarren itzulera, baina bertan izango dira baita MobyDick, Anai Arrebak eta Lisabö ere, besteren artean. Galdu egin behar al duzu?


Badakigu Azpeitiarrek zerbait egitekotan, ongi eta fundamentuz egiten dutela, eta Aitzealdenk! Zuzenean jaialdia horren adibide garbia da. Iragan apirilean egin zuten lehena, musikaz beteriko hiru egunekin estreinaldi bikaina osatuta, eta orduko arrakasta ikusirik, urte betean bigarrena egingo dute.

Oraingo honetan musika mota ezberdinak bildu nahi izan dituzte, eta horregatik, jaialdiari hasiera emateko, MobyDick edo Eneko Burzako getxostar bakarlaria igoko da Sanagustin kulgurguneko eszenatokira urriaren 19an. Gitarra soil batekin eta ahots sendoaz, entzuleak bereganatuko ditu. Iraileko alean, GAZTEZULO berarekin izan zen. Hemen elkarrizketa osoa.

Haren ostetik, Anai Arrebak pasai donibanetarrek jarriko diote erritmoa gauari. 2012a haien urtea izan da, eta bizitakoak kontatuko dizkiote urriko alean GAZTEZULOri. Uriaren 18an bertan kaleratuko dute izen bereko lana, eta Aitzealdenk! jaialdian aurkeztuko dituzte kantak.

Azkenik, lehen egunari amaiera emateko, Zestoako Grises taldeko lagunen kontzertua. Indie dantzagarriarekin berenganatuko dituzte gau-txoriak, beren lehen lan prestatzen buru-belarri dabiltzan honetan.

Bat ez, bi!
Baina bakarra gutxi iruditzen zitzaien, eta bigarren eguna ere prestatu dute Azpeitia aldean. Eta a ze nolakoa, gainera!

Ama Say bizkaitarren itzulera izango da gaueko ekitaldi nagusia. 90eko hamarkadan sortutako taldeak arrakasta izan zuen orduan; 1995ean desagertu ziren, eta orain bi kontzertu emateko itzuli dira; bata Bartzelonan, eta bestea Azpeitian.

Haien ostean Lisabö igoko da taula gainera. Taldearen lan berrienaren biraren baitako kontzertua izango da, eta beren energiak, emozioak, erraietatik ateratako ahotsak eta bi bateriaren erabilerak dardarka jarriko du aretoa.

Azkenik, jaialdiari amaiera emateko, Dj Makala edo Mikel Unzurrunzaga Schmitz zarauztar dj-ak boogaloo, cumbia, latin, gipsy rumba, afro, soul, funk eta beste mila musika genero nahastuko ditu.

Eta gainera


Azaroaren 16an, ostirala, herriko hainbat argazkilarik jaialdian zehar ateratako argazkiekin ostatutako erakusketa jarriko dute ikusgai Sanagustin kulturgunean bertan. Besteak beste, Xanti Rodriguez, Alberto Beloki, Borja Eizagirre, Alaitz Ruiz, Koldo Eizmendi eta Igor Froilan izango dira argakilariak.

Sarrerak


Sarrerek 10 euro balio dute, eta kulturgunean bertan edotaAitzealdenk! eta Sanagustin kulturgunearen webguneetan erosi ala izango dira.