"Barruko Dardara" filmaren irudiak

Badakizu zer den agorafobia? “Barruko Dardara” film laburrean ezagutuko duzu

"Barruko Dardara” agorafobia buruko gaixotasunaren inguruko film laburra da eta Maider Arrutik sortu du

“Barruko Dardara” film laburra aurkeztu du Maider Arruti ikus-entzunezkoen errealizazioko ikasleak. Antsietatea eta agorafobia pairatzen dituen 20 urteko gazte baten istorioa kontatzen du filmak eta eszena intimoekin osatuta proiektua da. Protagonistaren ikuspuntutik dago kontatuta istorioa, eta horregatik, ikusleak pertsonaiak pairatzen duena sentitzen du. Estutasuna, larritasuna eta antsietate soziala sentitzen dira Barruko Dardararen bidez.

Horixe baita proiektuaren helburua, antsietate soziala duen pertsona baten barruko borroka islatzea. Gertutik ezagutaraztea agorafobia duen pertsona baten egunerokoa nolakoa den. Eta noski, pertsona hauei gertatzen zaiena erakutsiz, gizartea sentsibilizatu eta pertsona orok enpatia izan dezan eragin nahi da. 

Baina zer da agorafobia? Bada, agorafobia buruko gaixotasuna da, eta hori pairatzen dutenek espazio zabaletan edo jende asko dagoen lekuetan beldurra eta antsietatea izaten dute. Pertsona bakoitza ezberdina da, baina garrio publikoan, plaza handietan, merkatalguneetan, etxetik bakarrik irtetean… egoera horietan izan dezake beldurra agorafobia duen norbaitek. Agorafobia dutenek ez dute kalera irtetean bakarrik izaten beldurra, izan ere, beldurraren jatorria kontrola galdu eta laguntzarik ez izatean baitago. 

Lehen pertsonan

Maider Arrutik ondo ezagutzen du agorafobia. Lehen pertsonan bizi izan ditu buru osasuneko arazoak, hala nola, agorafobia, antsietatea eta anorexia. Horregatik, ikus-entzunezko proiektu batean berak bizitakoa islatzeko beharra sentitu du, gaixotasun hori sare sozialetan edo Interneten irakur daitekeena baino askoz ere gehiago baita. Berak etxetik, mugikorrean irakurtzen zituen gauza askok bultzatu dute bere esperientzia kontatzea, agorafobiak eragiten duen sufrimendua islatu eta eragiten duen sufrimendua eta errekuperatzeko prozesuaren ikuspegi errealista bat eskaini nahi izan baitu. 

Arruti orain dela urte batzuk idazten hasi zen istorioa kontatzen du Barruko Dardara filmak. Ospitalean zegoen garaian hasi zen idazten. Film laburrarekin lortu nahi izan duen helburua argi du: familia eta ingurukoek berak sentitu zuena ulertzea. Norberaren buruak uzten ez duelako geratzen baita etxean agorafobia duen norbait, ez nahi ez duelako, ezin duelako baizik. Gainera, egun antzeko egoeran daudenak identifikatuta sentitzeko eta haien ingurukoei ulertzeko tresna bat eskaini nahi die Arrutik Barruko Dardara ikus-entzunezko proiektuarekin.