Babestutako naturguneak
Europako Batasunak Euskal Herriko 80 naturgune sartu ditu Natura 2000 Sarean. Egitasmo horren bitartez, hainbat neurri hartu nahi dira natur inguru horiek babesteko. Baina teoriatik praktikara, oztopo asko suerta daitezke bidean.
Gehientsuenetan, gozatu ederra hartu ohi dugu naturguneetara hurbiltzen garenean. Izan ere, naturguneetara joatea zerbait berezia da, ia magikoa: mendian edo gure hirian bertan, berdeguneetan bueltatxo bat eman, eta urtaro bakoitzean sortzen diren paisaiak miretsi ditzakegu.
Dena den, gizarteak era guztietako jokabideak erakusten ditu naturarekiko. Batetik, inguruarekiko sentsibilitate handia duen jendea dago. Sentsibilizatutako jende horrek, zaborra poltsa batean biltzen du mendian, eta bertako fauna eta florak jakinmina pizten dio. Horrez gain, batzuek ingurugiro erakusketetan eta jardunaldietan parte hartzen dute.
Dena den, badago sentsibilitate txikia duen jendea ere, zaborrak mendiko edozein bazterretan uzten dituena, naturari batere errespeturik erakutsi gabe. Axolagabekeria hori gizartean igartzen bada, zer esanik ez politika mailan!
Horren guztiaren eraginez, gure ondare naturala murrizten ari da, eta landare, animalia-espezie eta habitat ugari desagertzeko zorian daude. Hain zuzen, arazo horri aurre egiteko, Natura 2000 Sarea eratu du Europako Batasunak.
Zer da Natura 2000 sarea?
1992an, Europako Batasunak naturguneen, landareen eta animalien iraupenerako habitaten araudia onartu zuen: Natura 2000 sareaz ari gara. Aipatu sare horren barruan, hainbat maila egongo dira naturguneak eta intereseko espezieak babesteko.
Natura 2000 sareak helburu nagusi batzuk ditu. Batetik, flora eta fauna espezien eta habitaten kudeaketa bateratua egin nahi da, kudeaketa horren jarraipena egiteko. Bestetik, Natura 2000 egitasmoak sare bakarrean bildu nahi ditu Europako naturgune garrantzitsuenak.
Hainbat naturgune sartzen dira Natura 2000 sarearen barruan. Batetik, 1979an hegaztientzako babesgune izendatutako inguruak daude; eta bestetik, 1992an babestutako habitatak. Inguruok Europako Batasuneko Interes Bereziko Naturgune izenda ditzaten, lehenik estatuek egiten dute proposamena.
Kontuan izan behar da, kontrolik gabeko garapena eta hazkundea gertatzen direnean, naturari lekua jaten ari zaiola etengabe. Ondorioz, pixkanaka, hainbesteko gozamena ematen diguten txokoak gutxitzen ari dira.
Garapen "iraunkorra" benetakoa izateko, bermatu egin behar da naturguneek, landareek eta animalia-espeziek iraun egingo dutela. Natura 2000 sarean, "garapen iraunkorraren" kontzeptu horren barruan, lurraldeotako baliabide naturalak, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak hartzen dira kontuan.
Sarearen abantailak
Natura 2000 sareak nekazaritza-lurraldeen garapena bultzatu nahi du, populazioak bertatik alde egin ez dezan. Nekazaritzaz gain, abeltzaintza eta basogintza ere bultzatu nahi dira. Hori guztia dela eta, lurralde hauek diru-laguntzak jasotzeko aukera handiagoa izango dute.
Jarduera horiek indartuta, lurraldeotako bizi-kalitatea hobetu nahi da, bai ekonomia baita ekologia mailan ere. Ondorioz, Natura 2000 Sarean sartutako lurraldeek, ingurugiroaren kalitate-zigilua izango dute beren produktuetan, bertako eta inguruko jendearen mesederako.
Bestalde, egitasmoaren espiritua bermatuko balitz, turismoa ere jasangarria izan ahalko litzateke inguruotan. Baina horretarako, ingurumenarekiko heziketa egokia eta jendearen sentsibilizazioa behar dira.
Natura 2000 Euskal Herrian
Euskal Herriko 80 naturgune sartu dituzte Natura 2000 Sarean. Horrek esan nahi du, Euskal Herriko azaleraren %21 inguru babestuko litzatekeela; guztira, 337.268 hektarea.
Babes berezia izango duten habitatak hauexek dira: ondo kontserbatutako baso autoktonoak; estuarioak eta itsasadarrak; egoera onean dauden ibai-ekosistemak; hondartzak; barrualdeko hezeguneak; itsasadarrak, eta landaredia berezia duten inguruak. Oro har, esan daiteke ekologia, kultura edota paisaia mailan balioa duten lekuak babestuko direla.
Naturgune hauetan, hainbat jarduera eta ekintza debekatuta daude: aisialdi jarduera intentsiboak, nekazaritza-industriak, erauzketa jarduerak, garraiobide handiak, betelanak, zabortegiak, arrazoitu gabeko eraikitze lanak horiek guztiak ez dira baimenduko.
Sarearen oztopo nagusiak
Dena den, denak ez dira abantailak. Oztopoak ere ugari dira. Izan ere, egitasmoaren izenak halaxe dioen arren Gogoratu izena: Natura 2000 "Sarea"-, errealitatean naturguneen arteko "sarerik" ez dago.
Hain zuzen, naturgune asko isolaturik daude, eta ez dago loturarik beraien artean. Naturguneak elkarrekin lotzeko korridore berdeak falta dira; babesguneen arteko lotura naturalak, alegia. Korridore berde horiek sortu gabe, ezingo da benetako "sareaz" hitz egin.
Bestalde, interes ekonomiko eta politikoek eraginda, naturgune batzuen legediak aldatu dituzte Europako Batasuneko izendapena jaso baino lehen. Ondorioz, naturgune horien babesa kolokan jarri da. Nafarroan, Itoitz eta Larra-Belaguako kasuek aipamen berezia merezi dute.
Tamalez, horrelako mehatxuak zabaltzen ari dira. Esaterako, Gipuzkoako Pasaia herrian eraiki nahi den superportua dela-eta, Jaizkibel mendia erabat arriskuan dago gaur egun.
Izan ere, tokian-tokiko eta herrialde-mailako edozein planteamendu egiterakoan, naturgune hauek kontuan hartu behar lirateke beti. Ekonomia, funtzio soziala eta ingurugiroa uztartu nahi badira, ingurumen arloko legeak eta araudiak.
Europa 2000 sarea, Euskal Herriko berdeguneak
ARABA
1 Urkabustaizko hariztiak
2 Arkamo-Gibijo-Arrastaria
3 Baia ibaia
4 Gorbiea
5 Zadorra ibaia
6 Zadorra ibaiaren urtegi sistemak
7 Ayuda ibaiaren ibaiertzak
8 Zadorra ibaiaren ibaiertzak
9 Ayuda ibaia
10 Arabako lautadako hariztiak
11 Salburua
12 Gasteizko mendi garaiak
13 Aldaiako mendiak
14 Barrundia ibaia
15 Kantauri mendikatea
16 Izki
17 Ega-Berron ibaia
18 Entzia
19 Arakil ibaia
GIPUZKOA
20 Arno
21 Aitzkorri-Aratz
22 Izarraitz
23 Urola ibaiaren itsasadarra
24 Oria garaia
25 Pagoeta
26 Garate-Santa Barbara
27 Ernio Gatzume
28 Inurritza
29 Oria ibaiaren itsasadarra
30 Aralar
31 Araxes ibaia
32 Leitzaran ibaia
33 Ulia
34 Urumea ibaia
35 Aiako Harria
36 Jaizkibel
37 Txingudi-Bidasoa
BIZKAIA
38 Armañon
39 Ordunte
40 Barbadu ibaiaren itsasadarra
41 Astondoko dunak
42 Gaztelugatxe
43 Urdaibaiko ibai-sarea
44 Urdaibaiko itsasbazterrak eta padurak
45 Urdaibaiko artadi kantauriarrak
46 Urkiola
47 Lea ibaia
48 Artibai ibaia
NAFARROA
49 Artikutza
50 Bidasoa bidaia
51 Orabideako ubidea
52 Aritzakun-Urritzate Gorramendi
53 Bertizko jaurerria
54 Belate
55 Alduide mendia
56 Aralar mendikatea
57 Urbasa-Andia mendikatea
58 Lokiz mendikatea
59 Artesiaga ibaiaren bokalea
60 Ega-Urederra ibaiak
61 Ultzamako hariztiak
LAPURDI
62 Mondarrain eta Artzamendi
63 Larrun eta Xoldokogaina
64 Txingudiko badia
65 Abaddia eta euskal erlaitza
66 Moriscot lakua
67 Urdazuri ibaia
68 Errobi ibaia
69 Ardanabi ibaia
70 Aturri ibaiaren ur-bazterrak
NAFARROA BEHEA
71 Arbailetako mendialdea
72 Donibane-Garaziko mendialdea
73 Aldudeko mendialdea
74 Baigurako mendialdea
75 Lihurri ibaia
76 Biduze
ZUBEROA
77 Zuberoako mendialdea
78 Eskaleak
79 Uhaitzhandi
80 Oloroeko ibaia