Babesa ematen duen zuhaitz-etxe mugikorra
Banakakoa da eta bizikleta edo motorraren laguntzaz eraman daiteke alde batetik bestera. Zuhaitz sendo baten adarrean zintzilikatu daiteke, altueran.
Zuhaitz-etxeak zuhaitz sendoen inguruan eraikitako egurrezko egitura finkoak izan ohi dira. Herbeheretako Design Academy Eindhoven diseinu eskolako Henry K. Wein ikasleak bestelako izaera duena sortu du, ordea: zuhaitz-etxe mugikorra. Horri esker, bizikleta erabilita alde batetik bestera mugi dezake babesa ematen dion etxea.
Tree Trailer izeneko gurpil gaineko etxola banakakoa da eta bizikleta edo motozikleta batekin erraz mugi daiteke. Naturara hurbiltzeko kanpamendu moldagarria sortzea izan da Weinen asmoa. Adar gogor batean muntatu edo zintzilikatzen da minutu gutxian, zuhaitzaren enborrak sostengu osagarria ematen diola. Horrela, altueran dagoen zuhaitz-etxe bilakatzen da, bertan atseden hartu eta inguruko bistaz gozatzeko aukera eskaintzen duena. Weinek azaldu duenez, "ingurua beste modu batez bizitzea edo sentitzea da helburua. Zuhaitzetik zintzilikatua zaudenez, adar batean etzanda zaudela ematen du".
Berrerabilitako piezekin eraiki du karabana; kanpoko estaldura pertsianekin egin du eta, gainerakoa, egurrekin eta euskarri lana egiten duen metalezko barrarekin. Era berean, alde bakoitzean irekitzen diren leihotxo bana ditu eta beirazko leiho finkoa goialdean.