Babelgo dorre@

Internetek informazioa lortzeko aukera zabala ematen digu. Baina, askotan, informazioa ulertzen ez dugun hizkuntzan dago: ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz, esaterako. Internetek testu osoak edo hitzak itzultzeko tresnak eskaintzen ditu, ordea. Eta gutxitutako hizkuntzak itzultzeko hiztegiak ere badira: euskara, gaelikoa, bretoiera…


Euskararen inguruan interneten dauden baliabideei buruz hitz egingo dugu lehenik. Izan ere, gure hizkuntza erabiltzea —interneten eta leku guztietan— beharrezkoa da; galdu nahi ez badugu, behintzat.   

Hizkuntza gutxitua denez, testuak euskaraz idaztea eta beste hizkuntzetan daudenak euskaratzea funtsezkoa da. Nabigatzaileek euskarazko testuak aurki ditzaten, hain zuzen. Sarean dauden zenbait hiztegi interesgarriak izan daitezke egiteko horretan. Elhuyar hiztegiak (www1.euskadi.net/hizt_el/indice_e.htm) gaztelaniatik euskarara hitzak ekartzeko aukera ematen du. Matematika, psikologia, zuzenbidea, geologia… gai jakin batzuetako terminoak itzuli nahi izanez gero, Euskalterm orrialdea
(www.erabili.com/lantresnak/hiztegiak/euskalterm) ere oso baliagarria da; hitzak frantsesetik, gaztelaniatik eta ingelesetik euskara daitezke horren bitartez.

Itzultzaile automatikoak
 
Denok dakigu zein den hizkuntzarik erabiliena sarean: ingelesa. Hala ere, askok ez dugu oraindik ingelesa behar bezala menperatzen. Zorionez, arazo horri aurre egiteko tresnak ere baditugu interneten. Ingelesez idatzitako testuak euskaratzeko, hortxe dugu Morris hiztegia (www1.euskadi.net/morris/indice_e.htm).

Hala ere, badira hitzez-hitzeko itzulpenetatik haratago doazen tresnak. Baina, zoritxarrez, ez dute euskarara itzultzeko aukera ematen. Horietatik ezagunena Altavista-Babel Fish itzultzaile automatikoa da: http://babelfish.altavista.com. Itzultzaile honen bidez, gehienera 150 hitz itzul daitezke ingelesetik frantsesera edo gaztelaniara, eta alderantziz. Beste zenbait hizkuntza itzultzeko aukera ere ematen du: italiera, txinera, alemaniera… Gainera, web gune osoak itzul daitezke.

Google Traslate izeneko tresna ere antzekoa da: www.translate.google.com/translate.
Dena den, itzultzaile automatikoek ez dituzte itzulpenak erabat ondo egiten. Eskolako lan bat egiteko, itzulitakoa hitzez-hitz kopiatzea pentsatu baduzue, jai duzue.

Baita hizkuntza gutxituak ere

Hiztun gutxi dituzten beste hizkuntza batzuk itzultzeko hiztegiak ere badira sarean. Word 2 Word gunean (www.word2word.com/dicd.html) hizkuntza askotako hiztegiak aurkituko dituzu: esperantoa-ingelesa, gaelikoa-ingelesa, galiziera-ingelesa, greziera-katalana… Ezin aipatu gabe utzi, azkenik, beste web gune interesgarri bat: www.cuervoblanco.com/traductor.html. Bertan hiztegi asko daude sailkatuta.

Erreportaje honetan bildutako tresnei eta beste zenbaiti esker, sareko Babel dorreko hainbat testu ulertzeko eta euskaratzeko aukera izango duzu. Zorte on!

Gurekin harremanean jartzeko:
juliuska@euskalerria.org

Treba zaitez


Linux sistema eragilea ezagun izango zaizu. Sistema honek aplikazio ugari du: internet nabigatzailea, fax-en kudeaketa, irudiak tratatzeko autoediziorako aplikazioak, jokoak, datu basea, hiztegiak… X-evian izeneko Linuxen bertsioa euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez lor dezakezu (www.x-evian.org). Bi aukera daude Linux erabiltzeko: sistema eragilea internetetik jaitsi eta ordenagailuan sartzea, ala Linux-a CD batean gorde eta erabili nahi duzunean CD-a jartzea. Zuk zeuk aukeratu ondoen datorkizuna. 

Ezinbestekoak


www.adictinggames.com
Sarean online jolasteko joku dibertigarri eta erakargarriak. Hori bai, neurrian ibili. Izan ere, izenak dioen bezala, ezingo diozu jolasteari utzi.

www.armiarma.com/bbk/linterna
Bihotz Bakartien Klubak — literaturazaleen taldea— Linterna Gorria web orrialdea du, literatuari buruzkoa. Oso interesgarria literatura eta olerkigintza gustuko dutenentzat.