Ba al duzu pertsona urdinik inguruan?

Garai ilunagoetan behar izaten ditugu bereziki pertsona urdinak, lasaitasuna eta baretasuna sentitzeko.

Bizitzan gorabehera ugari izaten ditugu, bolada hobeak eta okerragoak, eta ingurukoak ezinbestekoak izaten ditugu pozak zein tristurak haiekin partekatzeko. Hain zuzen ere, gehien behar ditugunean gure aldamenean egoten direnak dira "pertsona urdinak". 

Burumakur eta indarge gabiltzan egunetan babesten gaituzten familiako kideak, lankideak edota lagunak izan daitezke. Haien gerizpea eskaintzen digutenak, epairik egin gabe, eta bizkargaineko pisua arintzen digutenak. 

 

 

Ez dute gure arazoentzako konponbideak topatu beharrik edo gure galderentzako erantzunak eman beharrik, entzutea bera nahikoa izaten da. Elkarrekin isiltasunean egotea bera ere baketsua izan daiteke. Entzuten dakiena, behar dugun espazioa ematen, bidelagun izaten, eta gu geu izateko aukera ematen diguna, beldurrik sentitu gabe. 

Gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten laguntzen digute, eta babes emozionala jasotzen dugu haiengandik. Ez gaudela bakarrik gogorarazten digute.

Zuk ba al duzu pertsona urdinik inguruan? Eta zu pertsona hori al zara beste norbaitentzat?