Ba al dakizu zer kolorek ematen dizuten hobeto?
Kolore tonu batzuk beste batzuk baino egokiagoak izaten dira norberaren azal, begi eta ilearen kolorea kontuan izanda.
Kolore eta tonu jakin batzuk izaten ditugu gustuko eta askotan horiek erabiltzen ditugu janzterako orduan. Kontuan izan behar da, ordea, gustuak gustu, kolore eta tonu guztiek ez digutela mesede egiten, gure ezaugarrien araberakoa baita hori.
Zein kolorek ematen digun ondo eta zeinek ez jakiteko, zientziara jotzea gomendagarria izan daiteke. Kolorimetriak kolorea eta hura nola hautematen dugun aztertzen du. Honen bidez jakin dezakegu egunerokoan zein arropa kolore hautatzea komeni zaigun.
Kolorimetriak "lau urtaroen teoria" erabiltzen du pertsonak sailkatu eta ondoen ematen dioten koloreak zeintzuk diren zehazteko. Begien, azalaren eta ilearen kolorea begiratuta, pertsona bakoitza udaberria, uda, udazkena edo negua den definitzen du, eta sailkapen horren arabera aurkezten da bere ezaugarriak onerako nabarmenduko dituen kolore paleta.
Negua direnek kontraste handia izaten dute ilearen, azalaren eta begien kolorearen artean. Ile iluna izaten dute eta azal argia. Begiak, berriz, azalarekin kontrastean, marroiak edo beltzak izan ohi dira, edo ilearekin kontrastean, urdinak edo gris argiak. Hauentzat kolore urdina, beltza, grisa, morea, gerezi kolorea eta berde esmeralda izaten da gomendagarriena, edota zuria, zeru koloreko urdina edo zilarra. Hobe izaten da laranja, urre kolorea, edo marroi beroa ez erabiltzea. Urtaro honetako pertsona ezagunak Anne Hathaway, Kendall Jenner, Natalie Portman eta Monica Bellucci dira.
Udazkenekoak direnek ile, azal eta begi kolore beroak izaten dituzte. Gaztain koloreko ilea, ile gorria edo urre kolorekoa izaten dute, azal tonu arrunta, ilun samarra edo argia baina azpitonu berokoa. Begi marroiak, gaztain kolorekoak, edo berdeak. Lurrarekin lotutako kolore beroak gomendatzen dira haientzat, hala nola laranja, berdea, gamelu-kolorea, kanela, zilarra edo urre kolorea. Hobe kolore hotzak ez erabiltzea, eta ezta zuria edo neoi kolorea ere, euren aurpegia itzaltzen dutelako. Kaia Gerber, Drew Barrymore, Emma Watson eta Julia Roberts lotzen dira urtaro honekin.
Udakoak diren pertsonek azal kolorean azpitonu hotza izaten dute. Ile horia, grisa, edo marroi argia izaten dute, eta begi urdinak edo berde argiak. Pastel koloreek mesede egiten diete, esaterako more edo arros argiak eta zeru koloreko urdinak. Tonu hotza duten kolore ilunek ere ondo ematen diete, adibidez gorri biziak, gerezi koloreak edo gris ilunak. Hori dela eta, kolore beroak saihestea hobe, izan laranja, mostaza kolorea, marroia edo distiratsuak direnak, lima kolorea kasu. Diane Kruger, Elle Fanning, Kate Moss eta Reese Witherspoon omen dira talde honetako kideak.
Udaberrikoek ezti koloreko ilea, marroi argia edo iluna izaten dute, azal kolore arrunta, iluna edo argia baina azpitonu beroduna, eta begi urdinak, berdeak, ezti kolorekoak edo marroi argiak. Zer kolorek ematen die ondo hauei? Bada, sagar koloreak, urdin argiak, arrosak, horiak, laranjak, eta gamelu koloreak. Kolore ilunak, berriz, hobe alde batera uztea, esaterako beltza, gris iluna, urdin iluna eta alberjiniarena. Cameron Diaz, Blake Lively, Margot Robbie eta Kate Middleton dira udaberrikoak.
Arroparekin bezala, ile kolorea, makillajea edo etxeko dekorazioa ere erabaki daiteke honen baitan. Zer iruditzen zaizu?