Aztiak, azeriak, arkakusoak, galtzaundiak…

Printzipioen gainbehera, mehatxua izatetik, errealitate izatera pasatu da. Zer esan nahi du honek? Bada, gero eta indibidualistagoak garela. Hori txarra da, berez, eta izan daiteke okerrago. Demagun, indibidualista izatez gain, ondokoaren lepotik bizitzen saiatzen zarela, ondokoaren lanari esker. Demagun, giza-arkakusoa zarela, aztia, alproja, azeria. Horrelako asko daude: nola identifikatu?         


Giza azeririk ezagunenak, enpresariak dira. Hauek dira azkarrenak eta zitalenak. Gaztetatik ikusten zitzaien sena. Urtean zehar, isilka pasatzen zituzten eskolak. Ikasleen erreboltak zirenean ere, zuhur jokatzen zuten, irakasleak ez haserretzeko xedez. Greba egiten zenean, eskolan geratzen ziren, kalakan, eskolak hartu ez izanaren "penaz". Gutxiengoa ziren, baina piña egiten zuten, eta herriko jaietan, afari paraleloa antolatzen zuten, eskolakide "gaiztoen" afaritik at.

Azterketak iristen zirenean, ordea, txuletatzarra ateratzen zuten, eta, sarritan, albokoari kopiatzen zioten. Diskretuak eta otzanak zirenez, irakaslearen zaintza arina izaten zuten. Irakasleak ia ezinezkotzat joko zuen, horietako norbaitek, azterketak gainditzeko tranpak egitea. Baina egiten zituzten, egin, eta ez gutxi.
Urteak aurrera joan ahala, tranpa horiek bizitza errealaren dimentsioa hartu dute, eta tranpa, dagoeneko, beraien ezaugarri nagusia da. Langileak engainatzen dituzte. Gobernua engainatzen dute. Subentzioak kobratzen dituzte langile hasiberriak, edota langile ezinduak, edota langile atzerritarrak kontratatzeko, baina laguntzok langileari eman beharrean, abuztuko oporretan xahutzen dituzte. Enpresaren autoa erabiltzen dute, gainera, oporretara joateko. Gero, gastu hori guztia, gastu arruntetan sartzen dute, ogasunari iruzur eginez.  

Asteburuetan afaria egiten dute soziedadean, eta, denen aurrean, lan egiteko zein prestu dauden erakusten dute (afaria eginez). "Azken batean, enpresaria langilea da", diote. Afari horretan, ostera, inork ez du nahi izaten beraien alboan jarri, alkoholak berotuta, sindikatuen aurka hasten direlako: "Guk sortzen dugu enplegua". Soziedadeko kontua egiterakoan, botilaren bat apuntatu gabe uzten du enpresariak. Urteak darama hori egiten, eta biziki lasaitzen da hori egiterakoan. Iruzurra, estasia da berarentzat.

Langabetu kronikoa

Bizitzaren artean beste abere abilenetakoa, langabetu kronikoa da. Ikasle garaian desastrea izan zen. Mobida guztietan zegoen, eta beti saiatzen zen dena hankaz gora jartzen. Edozer gauza, azterketak ebitatzearren. Konspiratzaile trebea, erretolika bizikoa, edonor konbentzitzeko gai.

Horrelakoxea da gure hippy sendaezina. Gaztetan, etxetik ospa egin zuen, gurasoen tirania ez agoantatzearren. Lehenik amonaren etxera joan zen, eta amonari odola bi urtez xurgatu ondoren, etxe okupatu batera joan zen. Etxe okupatutik bota egin zuten, inork ez zuelako jasaten. Ostera, udalaren etxebizitza txiki bat lortu zuen, alokairu baxukoa.

Bi urtez han eta hemen lanean ibili zen, baina segituan deskubritu zuen laguntza txikien abantaila. IMIa lehendabizi, laguntza sozialak ondoren, langabeziagatik beste hura beranduago: laguntzaren menpeko bilakatu zen. Lagunen artean, tabernan, iraultzaz hitz egiten zuen. Gobernuaren tirania deskribatzen zuen, erreboltaren beharraz ele egiten.

Lanik egingo ez zuela ezagun egin zenean (denek zekitela onartu zuenean, alegia), lana kartzela zela deklaratu zuen. Besteon lepotik bizitzea zilegizkoa dela defendatzeko argudioak aurkitu zituen, anarkisten manifestu zaharretan. Behin, ordea, Ezker Batua alderdiak bere etxeko atea jo zuen, eta lanera itzultzea erabaki zuen. Gaur egun, politikan dihardu. Politika, ezkerretik egiten. Noski.

Eskakeoaren erregea

Hirugarren azpijoko zalea, lankide eskakeatua dugu. Langile guztiak izan ohi gara, oro har, nahikoa irristakor. Lana dagoenean, kasualitatez, ez gara hor: "Arazo pertsonalak" genituen egun horretan, eta, arraioa, ezin izan genuen agertu!  

Langile eskakeatua, ordea, ez da gu guztiok bezalakoa. Labainkorragoa da, askoz ere iheskorragoa. Bere lehen ezaugarria, nekea da. Lan piloa dauka, lanez gainezka dabil, lanak gaina hartu dio, amore emateko zorian dago, agian sendagilearengana jo beharko du… Beraz, komeni da lanak berari ez ematea. Badauka nahikoa; badauka soberan, egia esateko.

Bere aitzakia, beti, gainerakook ikusten ez dugun lan eskerga hori da. Guk azaldu orduko, berak sei edo zazpi ordu darama lanean. Goizeko bostetan iritsi da, eta lan mordoa egin du. Bezperan egindakoa erakutsiko du, eta, sinpleki, ez du ezer ere erakutsiko. Goizeko hamaiketan, ostera, "atsedena behar" duela aldarrikatuko du. Eskua kopetan jarriko du, "sukarra ote dut" esan, eta bufadak eginez, tabernara abiatuko da, "merezitako gosaria hartzera".

Berez, langile eskakeatuak ez dira txarrak, ezpada beraiek egiten ez dutena, gainerakook egin behar dugulako. Alferrontziak, izan ere, abilak dira beraiek egiten dutena puzten, eta gainerakoek egiten dutena erlatibizatzen. Galtzaundia, izan, nagusiaren laguna da. Nagusiak ondo ulertzen du, berari ere antzeko zerbait gertatzen baitzaio: beti dago nekatuta, beti dago lan gehiegirekin. Beraz, ondo ulertzen dute elkar.

Galtzaundiak, bi diskurtso erabiltzen ditu; bat nagusiarekin, eta bestea, lankideekin. Lankideen aurrean, nagusia putakumea da. "Lan gehiegi egiten dugu", azpimarratuko du, elkartasunez. Nagusiaren aurrean, berriz, "irabazten dutenarekin, hauek [langileek], gehiago egin zezaketen" aipatuko du.

Nolako piztia zara?



Lagun hurkoari odola zurrupatzen dioten giza-piztien berri eman dizuegu, baina erreportajean aipatutako bokaziozko azti horiez gain, badira beste hainbat: zu horietako bat izan zaitezke, agian. Hala ote den jakiteko, erantzun ezazu galdetegia.

1- Lagunekin erronda bat hartu ondoren, ordaintzeko garaia iritsi da. Patrikan daukazu dirua.
a-Ez duzu ateratzen. Beste norbaitek ordaintzea espero duzu.
b-50 euroko bat ateratzen duzu. Ez daukazu txanponik.
c-Txanponak ateratzen dituzu, ordaintzeko.

2-Lagunekin bazkaria egin duzu, eta harrikoa egiteko ordua iritsi da.
a-Telebistari begira geratzen zara, ezer esan gabe.
b Harrikoa egiteko zutitzen zara, baina berandutu egin zaizula gogoratzen duzu.c-Harrikoa egiten duzu.

3- Greba egin nahi duzue eskolan, baina irakasleek, azterketa egiten ez duenak ez duela aprobatuko esan du.
a-Leihotik begiratzen duzu, zer erabakiko zain.
b-Greba egin beharra aldarrikatzen duzu, baina "borroka egiteko beste moduak badirela" gogoratzen duzu.
c-Greba egiten duzu.

4- Irakur zalea den neska bat ezagutu duzu, baina zuri liburuek bost axola.
a-Irakurtzea "ondo" dagoela esaten duzu, eta, xehetasunetan sartu gabe, zuk ere irakurtzen duzula aipatzen duzu.
b-Liburu batzuen atzeko orriak irakurtzen dituzu, eta liburu horiek osorik irakurri dituzula esaten duzu.
c-Irakurtzeak gogaitu egiten zaituela onartzen duzu.

5- Zure koadrilako baten mutil laguna gustatzen zaizu. Berak ere jarrera "ona" dauka zurekiko.
a-Berarekin lotzen zara, enroilatzeko, ondorioei begiratu gabe.
b-Berarekin enroilatzen zara, eta besteak "txapa izugarria" eman zizula deitoratzen duzu. "Ezin izan nuen ezer ere egin".
c-Ez zara berarekin enroilatzen.

Emaitzak:

'a'
erantzun baduzu: Kontuz. Aztia zarela uste duzu, baina zure ingurukoek oso ondo ezagutzen zaituzte. Ez duzu moralik, ez duzu ganorarik, eta laster koadrilatik kanporatua izango zara. Ez joan urte amaieran egin behar duzuen bidaira: bizkarra emango dizute. Aldatu eskolaz eta herriz. Onena izango duzu.

'b'
erantzun baduzu: Zorionak. Benetako alproja zara. Gutxi egiteari etekina ateratzen diozu. Nahi duzuna egiten duzu. Libre zara, eta inor ez da konturatzen. Jendea liluratzen duzu. Politikan etorkizuna izango zenuke. Edota GKE batean; Greenpeace-n, adibidez.

'c' erantzun baduzu: Hankabiko jatorra zara. Gardena zara, zintzoa, lagunen laguna, fidatzekoa. Baina ez duzu mundu honetan etorkizun distiratsurik. Lan egin arren, ez dizute estimatuko. Beti eskatuko dizute gehiago. Eskrupulorik gabekoek jan egingo zaituzte. Hori bai: maite zaituztenek, biziki maite zaituzte.