Azpeitiko XXIX. Euskal Antzerki Topaketak, azken txanpan

Datozen egunetan, antzerkigintza alternatiboak eta talde amateurrek izango dute protagonismoa. Txalo Saria ere banatzeko dute oraindik eta, hilaren 20an, amaiera borobiltzeko, Kukubiltxo taldearen "Inorako bidaia" obraren estreinaldia izango da.


Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen 29. edizio honen antolatzaileek “euskal merkatuko produktu onenak” ekartzea dute helburu, eta oraindik badituzte beste bost egun bide horretan aurrera egiteko.
Besteak beste, antzerkigintza alternatiboak beteko du Azpeitiko eszena. Izan ere, hilaren 17an –osteguna– gaztetxera hurbiltzen direnek bi obra ikusteko aukera izango dute: Ane Arenasen eta Erika Olaizolaren Eguzkilore, eta Urki Muguruzaren Munstroa.
Antzerki eskoletako ikasleek eta talde amateurrek ere hartuko dute lekukoa, jakina. Hilaren 18an –ostirala– Karrika taldeak Hau ez da Kalkuta antzeztuko du 21:30ean Soreasun, eta hilaren 19an –larunbata– Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrekoek Lost& Found lana taularatuko dute baita ere 21:30ean Soreasun. “Emakumeok ditugun kezkak azaldu nahi ditugu antzerki honetan”, adierazi du Alaitz Olaizola zuzendariak.
Larunbatean bertan emango ditoe Txalo Saria Iñaki Bergara "Pio"ri, eta, topaketak borobiltzeko, aurtengo bigarren estreinaldia larunbatean, hilak 20: Inorako bidaia. Kukubiltxo taldeak Soreasun antzeztuko du, 18:00etatik aurrera.