Azpeitiko Hator Hator Horror Festen bigarren edizioa ekitaldiz beteko da ostiraletik igandera
Filmak ez ezik, kontzertu eta haurrentzako jarduerak ere izango dira.
Hator Hator Horror Fest beldurrezko eta fantasiazko zinemaldiaren bigarren edizioa antolatu du Ospel Filmsek, Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin. Hainbat jarduera izango dira ostiraletik igandera bitarte, besteak beste, Unicorn Wars eta Mad Heidi film luzeak, K-sariak laburmetrai lehiaketa, Txatar eta Asgarth taldeen kontzertuak eta haurrentzako makillaje eta marrazketa tailerrak.
Zinemaldia abenduaren 16an, ostirala, hasiko da, 19:00etan, Hellraiser filmaren eta K-sarietarako laburmetraien emanaldiarekin, Soreasu Antzokian. Hellraiser 1987an estreinatutako beldurrezko film klasikoa da, eta haren hogeita hamabosgarren urteurrena ospatuko dute proiekzio honen bidez. Jarraian, K-sarietarako laburmetrai hautagaiak eskainiko dira. Bertan, animaziozko edo fikziozko euskal film labur onena sarituko da lehiaketa ireki baten bidez. Sariduna 2023ko Donostiako Zinemaldian K-sarien sailean eskainiko dute.
Larunbat goizean film laburren emanaldia izango da, 10:30ean hasita, Soreasu Antzokian. 12:00etan, berriz, animaziozko film laburrak eskainiko dira. Arratsaldean, Unicorn Wars eta Mad Heidi filmak eskainiko dira Soreasu Antzokian, 16:30ean eta 18:30ean. Unicorn Wars, Uniko estudio bilbotarrak ekoitzi eta Alberto Vázquezek zuzendutako filmak, 2023ko Goya sarietarako hamabi izendapen ditu. Gerraren aurkako alegoria fantastikoa da, hartz txikien eta adarbakarren arteko aspaldiko gerra bat kontatzen duena. Johannes Hartmann eta Sandro Klopfsteinek zuzendutako Mad Heidi filmak, berriz, Heidi haurrentzako ipuina aztertzen du. Pelikula honetan, ordea, Heidi faxisten menpe erori den Suitza distopiko bat askatu nahi duen pertsonaia da.
Larunbat gauean, Asgarth eta Txatar heavy metal taldeak ikusteko aukera izango da, doan, Sanagustin kulturgunean, 22:30ean hasita. Asgarth taldeak bere bosgarren albuma, Zeldatik, plazaratuko du.
Igande goizean, hamaiketatik aurrera, haurrentzako makillaje eta marrazketa tailerra egingo dute kulturgunean, eta, gainera, ekitaldi-sorpresa bat ere eskainiko da. Antolatzaileen hitzetan, "ekintza berritzaile eta digital honek haurrak ez ezik, helduak ere ahoa bete hortz utziko ditu".
Jarduera guztietarako bonua kulturaz.eus atarian eskuratu daiteke, hamahiru euroren truke. Ekitaldi bakoitzeko sarrera, aldiz, lehiatilan lortu ahal izango da.
