Azken aurreko geltokia, Gernika-Lumon

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren azken finalaurrekoan hartuko dute parte igande arratsaldean Fredi Paiak, Oihana Bartrak, Beñat Ugartetxeak, Gorka Ostolazak, Xabier Enbeitak eta Joseba Artzak.


Fredi Paia (Algorta-Getxo, 1981). Euskal kulturaren biltze eta ikerketa lanean dihardu Labayru ikastegian. Bost aldiz iritsi da Bizkaiko Txapelketaren finalera.
Oihana Bartra (Bilbo, 1984). Loiuko Lauro ikastolako irakaslea da. Lau bider izan da Bilboaldeko txapelduna.
Beñat Ugartetxea (Mallabia, 1979) Lau aldiz izan da Durangaldeko txapelduna eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketari dagokionez, 2002an finalerdietara iritsi zen.
Gorka Ostolaza (Markina Xemein, 1980). Irakaslea da ogibidez, eta berarentzat bertsolaritza "bizitzaren beste osagai bat" da. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan azken lau edizioetan finalerdietara iritsi da.
Xabier Enbeita (Gernika-Lumo, 1978). Hezkuntza arautuko bertso irakaslea da eta 2008ko eta 2010eko Busturialdeko Txapelketak irabazi ditu.
Joseba Artza (Etxeberria, 1978). Zumaiako lantegi batean egiten du lan eta Lea Artibaiko Bertsolari Txapelketa irabazi du 2006an eta 2010ean.

Saioa Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan izango da eta bertsolariak zortziko handian zein txikian eta hamarreko txikian abestu ondoren, puntuari erantzun beharko diote eta bukatzeko, kartzelako gaiari egin beharko diote aurre. Maite Berriozabal izango da gai jartzailea.